'Usteak erdi ustel' baldin bada esaera zaharra, horrela gertatu ziren aurtengo Buruz Buruko zortzirenekoak bi zentzuetan. Alegia, partida erdiak faboritoen alde joan ziren moduan, beste biak ezustean erabaki zirelako. Haietan sailkatutako lau pilotariak final laurdenetan daude, dagoeneko, iaz zerrendaburu izatea lortu zuten lau izarrei aurre egiteko prest. Bata, Mikel Urrtikoetxea bizkaitarra, zuzenean doa final erdietara partidarik jokatu gabe. Aurkari izan behar zuen Zabaleta, sorbaldako zuntz urratu baten erruz, lehiaketa laga behar duelako.
Inor gutxik esanen zuen Xabier Zabaletak partida irabazi behar zuenik Jaunarenaren aurrean, erdi lanetan (10-13) sorbaldako minez kexatuz aldagelara joan zenean. Zerbait infiltratu zioten eta indar berrituz kantxara etorri, 4-9ko partzial bat lortuz, garaipena eskuratu zuen (14-22). Sendagaiak bere indarra bukatuz batera, benetako lesioa azaldu zen eta zuntz urratze horrekin ez du pare bat hilabetetan jokatzerik izango. Final laurdenetarako itxaroten zeukan Mikel Urrutikoetxeari sailkapenak emanik.
Beroizek, aurrikusiko gidoia jarraituz, ezaguna duen erregulartasunez baliatu zen, hark baino gehixeago jotzen eta hainbat huts gehiago egiten duen Ander Albisu aise gainditzeko (22-10). Ez zen partida batere ikusgarria suertatu, akatsez erori zirelako hainbat tantu. Mikelek urteotako izarrik berezienetako bat gainditu beharko du aurrera egiteko, Juan Martinez de Irujo duelako finalaurrekoetarako oztopoa.
Julen Retegi (Bi)k aspaldiko urteotan erakutsi duen ofizioa azaldu zuen Bergarako udal pilotalekuan, estuasun edarra jasan ondoren -Joseba Ezkurdia 17-05etik 18-17ra hurbildu zitzaionean- helburura ailegatzeko hiruzpalau jokaldi bitxi egin zituen (22-18). Iaztik txapela duintasunez daraman eta sasoi ikusgarria osatu duen Aimar Olaizola izango du Julenek laurdenetan.
Azkenik, gehienen gustuko eta artelarien faborito izan arren, Xalak larritzeko beste motibo izan zuen, Abel Barriola leitzar atzelari fina 12-02 aurreratu zenean. Ez zuen etsi azkaindarrak eta ekinaren ekinez, 03-20ko partzial ikuskarri batekin aurrea hartu eta partida eta sailkapena aurrera atera zuen (22-15). Idoate iruñearra, zerrendaburu Oinatz Bengoetxea lesionatuaren tokia hartu duen aurrelaria, izango da Xalak gainditu beharko duena finalaurrekoetan sartzeko.