Bi final aurreko gogor eta kalitatekoetan txartela lortu ondoren, Juan Martinez de Irujok eta Julen Retegik jokatuko dute aurtengo Buruz Buruko finala. Garrantziarik gehien duen urteko lehiak badu, jadanik, data eta frontoia. Iberokoak bost txapel ditu gehienak kantxa horretan jantziak eta Julenek, ordea, bere aita umetatik ikusi du hainbat aldiz urteko bakarlaririk hoberenaren ikurra buruan jartzen. Irabaztekotan, Irujo gutxiengo bitxi baten klubean sartuko litzateke, sei txapeldunenean, alegia; Julen gazteak bere lehen finala du eta munduko ilusio guztiaz joko puntu onean aterako da Donostiako Atano III.era, gauden ekainaren 29an.
Aipatu klub horren sortzailea Hilario Azkarate, Elorriko Erraldoia, izan zen 60ko hamarkadan, sei txapel jarraian lortuz. Hurrengo hamarkadan hasi zen nafarren nagusitasuna eta horietan lehena Juan Inazio Retegi, Retegi I, izan zen beste hainbeste lortu zituena. Laurogeikoan, ordea, honen iloba Julian Retegik hartu zuen lekukoa. Bide batez, esatekoa da, Retegi IIa dela pilotaren historian txapel edota garaikur gehien lortu duen pilotaria.
Leinua aurrera doa beraz eta Julen semeak du orain aukera bere ilara propioa hasteko. Maila handiko pilotarien arteko jokoa aspaldi hartan baino berdintsuagoa dela dirudi eta ez du erraza izango horrelako urrats erraldoiak ematea, baina aurten iritsi den lekura iristeko hiru garaipen handi eskuratu ditu, Joseba Ezkurdia, Aimar Olaizola, behin behineko txapelduna, eta Mikel Idoate gaztea bide bazterrean utziz. Hiru partida horietan, Julenek maila gorena erakutsiaz gain, adinarekin hartzen den tenplea azaldu du. Datorren astean, finalaren aurreko egunetan aztertuko badugu ere, aspaldian kantxan ikusten ez zen jokamoldea ere ekarri du Julenek aurtengoan.
Martinez de Irujo, bestetik, Mikel Beroiz eta Mikel Urrutikoetxea utzi ditu bazterrean Atanora ailegatzeko bidean. Esku ezkerra ukitua omen dauka, ez dio bere neurriko zartadarik eman horrekin, baina eskuina eta gorputz osoa unerik gozoenean duela esango nuke. Aurrekoak oraindik gogoan baditugu ere, biak ala bien finalerdiko partidak gogorrak eta lehiatuak izan dira. Idoate eta Urrutikoetxeak hirugarren postua lortzeko partida duina joka lezakete. Egingo dute, agian, final handia Aspe enpresako bi pilotarik jokatuko dutelako eta Asegarcek erakutsi beharko ditu bere izarrak.