Bilbo, Athletic eta Saskibaloiz blai

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2014ko abu. 29a, 11:00

Kostatuko zaio Bilbori, edo beste edozein hiribururi, Aste Nagusia igaro ondoren, oraingoan duen kirolez betetako astea izateria. Kostatuko da, zinez, eguazten batean bihotzeko futbol taldeak Europako handienekin jokatzeko beza edo txanda hartzea eta larunbatean Saskibaloiko Mundu Kopako lehen partidak ikusteko aukera izatea.

Parentesi gisa, barkamena eskatuko diet Barakaldokoei, baina Munduko Kopa hartzeko beta Bilborena da eta, BEC bera ere, Bizkaiko hiriburuak lur haietan kokatu duen eraikin aberasgarri bat da. Hortik landa aldarri nahi dituztenak, entzutekoak dira betiere baina inolaz ez dagozkien eskubideak exijitzeko. Bejondeiela, gainera, bai karpapean eta bai komertzio orokorrean etekin dezente ateratzeko mauka izanen dutelako.

Barakaldon bada ere, Bilbora ere presentzia nabarmena du Basket Mundial horrek. Jakina da, BEC­en jokatuko arren, selekzio guztiak, eta jarraitzaile askok, Bilboko hoteletan hartu dutela ostatu eta hiriburuan igaroko dituztela, ziur asko, BEC­n ez diren ordu eta egun libreak. Arreta ematen du, hainbeste kafetegi edota dendetako ate edo atarian jarri duten lehiaren ikurra edo, hauetara sartu orduko, barra edo mostradore gainean ikusi daitekeena; hiriko plano moduko bat, denda, kafetegi, jantoki edo beste hainbat informazio biltzen duten triptiko modukoa. Informazio argia, erraza eta hainbat hizkuntzetan. Ez da zalantza asko, marketing adituak zuhur eta argi dabiltzala holakoetan. Holakoetan hartzen dute hiriak zinezko nazioarteko itxura.

Hiriko gunerik karismatikoenean, Areatzan, gauero kontzertuak antolatuz, ostatu edo denda guztietan eleanitzak kontratatuz, kultur alor guztietan ­-Guggenheim buru- ahaleginak eginez eta abar luze batez, ziur naiz, oraingoan, sekula izan ez duen nazioarteko proiekzioa izango duela Bilbok eta, gero eta gehiago begiratzen diogun turismo etorkizunari, mesede galanta egingo diola.

Dena den, hedabide guztiek, Munduko Kopa honek hiriari emango dion diru etekina azpimarratzen edo lerro buruetara dakarte. 30 milioi euro utziko omen dute egun gutxi hauetan. Igaro berria denez, ezinezko egiten zait konparazio xume bat egitea. Aste Nagusitik igaro diren 500.000 jai zaleek, batez beste, 100 euro xahutu ba du 30 ez ezik, 50 milioi euro utzi dituzte aurreko astebete luzean.