Urrutikoetxea bizkaitarraren aukera

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2015ko eka. 25a, 09:46

osasunista.net

Urte osoan izaten den esku pilotaren egun handiena, buruz buruko finala, aurten ere Bilbon izango da.

Betekada ez bada ere, jende pila izango da datorren igande arratsaldean, betidanik urtean zehar esku pilotak izatenduen  jai giroko egun handienean. Duela 75 urte jokatzen hasi zen Manomanista izan da eta da, gure pilotaren modalitate horretako lehietan lehia. Horregatik izango da, akaso, partida hori irabazten duenak urte osoan elastiko (lehen gerrikoa) gorria janzteko pribilegioa duela. Ez da harritzekoa, beraz, hedabideek hainbeste toki eta interes jartzea, urtero, partida horretan.

Mikel Urrutikoetxea zaratomoar gaztea, bizkaitar izatearen azpimarratzearen arrazoia, txapela lortuko balu historiaren atal handi bat hartuko zukeela da. Iñaki Gorostiza delako herrialde honetako azken txapelduna, duela 38 urte lortu zuelarik (1977). Aurretik Hilario Azkaratek sei aldiz, ia jarraian 1960tik 1967raino, ekarri zuen txapela Bizkaia aldera.

Jadanik jakina da txapel hori Nafarroan kokatua eta errotua dagoela. Izan ere, 1969.ean Inazio Retegik (I) lortu zuenetik, 40 urte baino gehiagotan bertara joan delako txapel estimatu hori, bi salbuespenekin, 1977.ean aipatu Iñaki Gorostizak eta 1989.ean, Josean Tolosa amezketarrak lortu zuten.

Nafarra da aurten ere, gehiengo nabarmen batentzako txapela irabazteko faborito nagusia. Areago, 21. mende honetan Aimar Olaizola kantxaratzen den bakoitzean etiketa hori darama, Irujo aurrez aurre ez duenean behintzat. Badira hor hemen, bere goi puntua galdu ote duen dioten zurrumurruak baina ez du holakorik atzeman azken partidetan ere. Ez zuen Binakako txapelketa handi bat egin, baina lesio batek eta jarri zioten atzelariak ere izan zuten zer esana porrot hartan. Aimar fresko, kolpez ondo eta animoz dabil, bere hitzetan, "lehenbiziko finala balitza bezala". Behetik gora datorren aurkariari  errespetu osoa dio Aimarrek: "Oinatz bera baino arriskutsuagoa deritzat Mikel" bota zuen aste hasieran, Bizkaia frontoian entsegua egin zuenean. Mundu hori ezagutuz, jakina, marketing kontua izan daitekeela kontuan izanda.

Ez du holakorik uste, Mikel Urrutikoetxeak. Hirugarrenez final aurrekoetan maila ona eman du Mikelek Manomanistan. Lau hoberenen artean kokatuta, hauetariko batek eliminatu duen arren.  Urtebete baino gehiago darama Zaratamokoak joko maila on bat ematen. Sake ona, botez gozatu eta atzeratzekoa,  airez gantxoa eta parada eta botera zeharra edo dejada onak ditu. Ia dena, esango nuke. Buruz ere tenple eta patxada ona du. Gauzak uste bezala ateratzen bazaizkio behintzat, tinko jarriko da kantxan eta, bestela ere, ez da laster kikiltzen den horietakoa. Egunotan egindako adierazpenak ere ildo horretatik doaz: "Aimarrek adina dut galtzeko" zioan edota, "Oinatz laguna dut eta partida serio bat egitea litzateke egin niezaiokeen omenaldirik onena". Zeharka etorri bazaio ere ez du aukera galtzeko asmorik. "Aurreko partidan urduri jarri nintzan eta bera baino lehenago nekatu, oraingoan badut urduritasun puntu bat baina hori behar da, holako garrantzia duen partida bat jokatzeko".

Hitzordua egina dago, igande honetan ekainak 28an, 17.00etan. Manomanistaren historian, azken 38 urteko estatika hausteko zain, Bizkaiko zalegoaren gabarra prest. Gabarra ez bada, Athleticek San Mamesen jokatuko duen hurren partidan, ziur asko, han izango du erdi erdian baloia, ohorezko sakea egiteko.