Aste Nagusia 2015

Txupinaren protokoloa Arriagan

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2015ko abu. 22a, 20:43

Bolandera zaratatsua zerurantz bidaltzea edozer hasteko aitzakia bezala erabiltzen dugu. Sonatuenak herrietako jaiak eztanda egiteko erabiltzen direnak. Sua eman aurretik eztanda egiten dutenak era badira edonon.

Iaz Sanferminetakoak, ikurrin erraldoi baten erruz, izan zuen atzerapena edo, aurrekoan, Gipuzkoako Ibarran bertan behera utzi beharra. Handik ere esango diote: “Urquijo jauna zu baboa zera”. Bilboko Jone Artola, pregoilariarekin  ere izan zituen bereak, deus ez lortzeko.

Bilboko Uriolara, dena den, ez nator aurten inguruko kaltegarri horien aipamenak egiten, ez eta zuek egin beharrekorik aholkatzera. Aste Nagusia sortu zenetik harrezkero egin dudan horri buelta emango diot aurten. Nirekoi hutsa bihurtu eta neronek egingo edo egin duenaren berri  emanez. Alegia, nik egiten dudan edo, kasuetan, egin nahi nukeen AN-ko egunerokoa botako dizuet. Lehena, Marijaiarekin Arriagan, lehen solairuko atondoan, izango dugun jarduna kontatuko dizuet. Duela aste pare bat iritsi zitzaidan urteroko gonbidapena eta Idoia lagunari deitu diot aurtengoan lagun egiteko. Dagoeneko dakit zeinek agurtu eta zeinei laguna aurkeztu behar diodan. Zein tokitara hurbilduko naizen lehen cava kopa eta ohorezko lepo zapia eskuratzeko, nola Lurdes Luke etorriko zitzaidan nik beste zapi mota eraman behar dudala esateko, Txapasekin Euskadi Irratirako bizpahiru berba egin, alkate berriarengana aurkeztu eta agurtu, Marijaiarekin argazki bat atera Facebooken esekitzeko. Urteak daramazkit hori egiten eta gustura. Protokoloari ekingo diot, han barnean.

Eta nola ez, Marijaiarekin batera, protagonista diren bi pertsonaia horiekin solas egin musu handi bat emanez. Bere arteaz hainbeste areto umorez blai uzten duen Gurutze Beitia-ren barre algara entzuteko ipuin edo jazoeraren bat asmatu beharko dut eta emango didan besarkadarako prestatu. Ipuina ez ezik, egia bat ere kontatuko diot eta horrela zuok ere jakingo duzue. 1981.ean edo 1982.ean neu ere pregoilari izan nintzela -eta horregatik ematen didate Arriagarako gonbidapena- Pregoilaria zuri beltzean izaten zen garai hartan. Kasua, Athletic taldeko jokalari bat izendatu genuela lan hori egiteko. Testua geuk egiteko eskatu zigun; egin genion eta, ordurako azaldu ez zenez, irakurri ere geuk egin genion. Lan hori,  ez orain bezala aste osoko ardurak, ez jaka horirik ez ezer. Begoñatik jaitsiera egin zutenena megafoniaz zehaztu, gero pregoia irakurri . . . eta kitto”

Aipa dezadan, bada, aurtengo  txupinera, Oihana Pascual, Txomin Barullo konpartsako gaztea dela. Konpartsa hori Aste Nagusia moderno honen sortzailetakoa dela gauza jakina da, baina 37 urte pasatu behar izan dira aukera hori izateko. Egiari zor, TX.B.ko hainbat izan dira langintza horretan, beste talde batzuetako  kide bezala, baina ofizialki oraingoan lehena. Gai honetan ba dut nire aldarri pertsonala. Ez dut berdintasunean sinetsiko hariek eta gizonezko txupinero bat jarri arte. 

Arriagan bukatu zait ia eguneko  kronika  eta oraindik larunbata luzea da. Bihar kontatuko dizkizuet enparauak.