Ja! Badaukat: Hori hori Mikel! Nire gaztetxoarora itzuli eta lurralde honetan izan genuen lehen kanpeoi handia gogoratzeko. Elorriokoa bera, gizon puska, ia eskumaz soilik jotzen zuena eta Manomanistako sei txapel ia jarraian jantzi zituena: Hori-hori, Hilario! Azken hamarkadetan, hedabideak ia dena barreiatzen dutenetik harrezkero, gazte askok uste dute esku pilota Nafarroako boterea dela. Eta ez, pixkat bat arinago, historian Atano, Gallastegi, Akarregi, Modragones, Garcia Ariño, Etxabe eta beste hainbat eta hainbatez hitz egin genezake, Gipuzkoa eta Bizkaian, edota Ogetan, Araban eta abar luze bat.
Ez deritzot, dena den, igandekoak historia egiteko erabiltzea merezi ez duenik. Iragan asteburuan, pilotaren aurtengo protagonista handi bat izan dugulako, Zaratamoko Mikel Urrutikoetxea txapelduna. Banakako txapeldun bakarra. Hori ere egin duelako, Irujori finala irabazteaz gain, Manomanista eta Lauterdiko txapelak urte berean bost pilotarik soilik irabazi dutelako. Azkena, hauxe Mikel Urrutikoetxea. Berriro erori naiz historiaren gurpilean eta ez da gaurko asmoa. Irrikitan nago igandean Bizkaia frontoian egin zuen balentria kontatzeko.
Gauza bat -oso garrantzizkoa- delako final bat irabaztea, beste bat XXI. mendeko bi handienetariko bat garaitzea eta, hirugarrenez, ia mundu guztiak galdutzat ematen zuen partidari buelta ematea; holako lehia bati eman ahal zaion epika eta emozio dosirik goienekin, 10-20 zena 22-20ra eramatea. Pilotakadaz pilotakada, zartadaz zartada, boleaz, botera, eskumaz nahiz ezkerrez. Eiñako latzez errematatuz, aurkariaren zailak eramanez. Tantoz tanto. Partida hasieran baino norabide eraginkorragoak emanez, "hobeto markatu ditut anguloak" zioen gero, pilotan ez ezik geometrian ere aritu baitzen bezala. Esan duen ez dakidan arren "nire buruan sinetsi dut" entzun nahi nion. Hanka arin eta gihartsuak, bi beso zainart, gerri malgua eta guzti horren gainetik, Urrutik ongi antolatutako burmuinari esker egin zituelako azken 12 tantoak.
Final laurdenetan ere, hain nabarmen izan ez zen arren, erakutsi zion kapazitate hori Mikelek Martinez de Irujori. Orduan ere irabazi egin zion, mende honetako beste izar handiari, Aimar Olaizola, irabazi dion moduan. Urrun joan gabe, aurten edozeini irabazi dio Urrutikoetxeak buruz buru eta binaka ere kalitate bikaineko partidak egin. Lerro hauek irakurtzen zaudeten edozeinek ikusi ba zenuten Mikelek 14-20koa egin zuenean, neronek pentsatu nuena botako zenuten: Ba dator! Ia minutu bi eta 20 pilotakada jokatu ondoren, tantoa eginez gainera, aurkaria mendean hartu zuelako. Mendean? ... Hankapean! Hartan erakutsi zuen teknika edo klase denetik harago, azken urte pare baten, gora eta gora egin duelako gihar indarrean eta erresistentzian. Berdinketara iristear zegoela oso-osorik ikusten zen indarrez eta, egiari zor, 22-20koa egin zuenean ere bai. Sendo dago Mikel eta horrelako arratsalde asko emango digutela dirudi, nabarmen.
Finalak hainbat irakurketa izan ditu eta, hainbat, Juan Martinez de Irujoren buru motelari errua atxikiz. Izango da hortik ere baina, burmuina moteldu, indarrak ahitu eta partidatik landa atera zuena Mikel Urrutikoetxea izan zen. Partida guztiak erritmo izugarria izan bazuen, azken zati honek, hainbat biziagoa. Ez zion arnasa gustura hartzean utzi ere, pilota zailak bueltatu zizkiolako desesperaziora eraman arte. Zuhur eta trinko, Mikel lau eta erdiko marra gainditu edo kontrakantxara joan ziren Juanen kolpeak pasatzen utziz, bolea, kako eta botera beti neurriz joanez. Tantoak ospatzerakoan ere, harrokeria denetatik landa, harrotasun umila azalduz. Hainbat iritzi zintzo entzun ditudalako, goi-goi mailako pilotaria izanez gain, noblezia eta umiltasuna nabarmendu dituelako gaurdainoko profesional jardunean.
Finalaren eta txapelketa osoaren mila detaile geratzen dira ganbaran, aurrerantzean ere idazteko esperantzan. Binakako lehia ere badator eta erabateko sasoian harrapatzen du Zaratamokoa. Aurretik, gaurkoz oraintsu egindakoaz goza dezala pilotari handiak. Arestian aipatu bezala, hori-hori Mikel!