Tontokeria bat dirudien arren, 1953. urtetik ez da horrelakorik gertatu. Ordura arte erabat alderantziz, alegia, oso nafar gutxi batzuk zebiltzan pilotaren elitean eta harrezkero, ordea, ez dute hutsik egin lehia garrantzitsuenetan. Esan bezala, Mikel Urrutikoetxea zaratamoaztarra azaltzen da aurtengoan -duela bi urte ere lortu zuen- Lau t'erdiko txapela janzteko faborito. Batezbesteko apostuak 100/50eko momioaz ari dira maniatzen aurreko egun hauetan eta frontoian ere horrela aterako dira hasieran, gero, oraindik aipatu ere egin ez dugun Jokin Altuna (III) amezketarrak, dena aldatu lezakelako, bai partiduaren jarreran eta honekin mugi daiteken markagailuan.
Jo dezadan topikoetara eta, lehena: "faborito izateak ez du partidarik irabazten". Zaleen artean jakina da Mikelek duela bi urteko kurtsoan hiru txapel handiak eskuratu zituela, Buruzburukoa, Lau t'erdikoa eta Binakakoa, Aimar Olaizolarekin atzelari jokatuz eta harrezkero, joko puntu bikaina erakusten ari dela eta, bereziki oraintxe finala jokatuko duen lehian, bata bestearen atzean denak irabazi dituelako, ia zirrikiturik erakutsi gabe bere jokoan edota nagusitasunean.
Hori egia den bezala bada beste topiko bat: "pronostikoak eta estatistikak apurtzeko eginak direla" ere sarri aipatzen da. Dena den, amezketarra ez dator makal. Iaz tantu bakar batez 'galdu' zuen ohorea eta txapela irabazteko aukera. Finalaurrekoetan igandeko aurkarian kontra bakarrik galdu du -arratsalde ilun batez- garaitikoetan kristoren joko erakustaldiak eman dituelako. Iruzkina osatzeko bata eta bestearen ezaugarriak gogoratzea komeni.
Urrutikoetxeaz hitz egiten denean, aspaldi, ia dena perfektu egiten duela esaten da. Fisiko bikaina erakusten du, profesional hasieretan ematen zuen gihar eskasia zuzendu du, sasoiaz gainera erresiatentzia irabazi du, defentsan ikaragarri iristen da pilotara eta, bai kakoaz, botez edo sotamanoz abiadura ematen dio erasoari. Behin eta berriz entzun dut pilotan jokatzeak erraza ematen duela Mikel ikusiz.
Osotasunaren edo konpleto izatearena harena bada, Jokin Altunari bere ezusteko ikaragarriak, originaltasuna, erremate bikain bezala milimetrikoak eta hanka arintasuna aipatuko ditut ezaugarri moduan, besteak beste. Iazko finalean 21 tantoan geratu izanak irrika berezia sortzen diola ziurra da eta, azkenik, azken hilabeteetan joko puntu ona erakutsi du, Urrutiren kontrako finalerdi hartan ezik.
Bilboko Bizkaia frontoia lepo izango da igande honetan, 3.000 sarrerak aspaldi agortuak daudelako. Oraintsu arte Olaizola eta Irujo harmailak betetzeko beharrezko zirela esaten zen baina, itxuraz, badira ikusmina sortzen duten izar berriak. Inguruan kiniela eskatzen didatenez, bizkaitarraren alde 22-15koa botako dut.