Ez dira oraindik urte asko, profesionaltzat dauden bi enpresek asteroko programazio anitzetik ia bost hilabeterako txapelketa antolatzen hasi zirenetik. Harrezkero, Manomanistak izan zuen ikusmen nagusia –ia bakarra– urte hauetan Lauterdikoaren eta Binakakoaren arten banatzen da. Zortzi bikotek joan etorriko ligan 14 astebururo lau partida egin beharra eta beste hiru jardunaldi finalaurrekoetan, igandean Bilbon lehian dagoen txapel eta trofeoaren bila. Tarteko pare batekin 18 astebeteko lehia.
Zaleek ere ohitzen doaz azken urteotan eta, lehia aurkezten dutenetik, faboritoen izenak, edonolako kinielak eta jarraipen zehatza ia bost hilbete horretan. Faboritoak aipatu ditudanez, gogo hurbilean dut, aurtengoan, hainbat izan zirela igandean finala jokatuko dutenetako bikote batek eraman zituela fabore gehienak, sailkapen fasean irregular ibili eta finalaurreko ditiratsua egin duena, Joseba Ezkurdia arbizuarrak eta Jose Jabier Zabaleta etxarrentarrak osatzen dutena, hain zuzen. Arerioen bidea beste bat izan da. Azken hiru urteetan, Beñat Rezusta bergararra kantxan dagoenean faborito da, beste gabe eta aurrelari duen Danel Elezkano usansolotarra debutatu zuenetik gaurdaino ikasi eta sendotu besterik ez du egin. Txapelketa honetan areago igo du kalitatez. Emaitza, lehen partida biak galdu eta hurrengo denetan galtzea zer den ahaztu.
Aurrikusi horiekin, final handi baten aurrean gaudela ezin ukatu. Dena den, txapelketa barrenean gutxi aritu naizenez oraingo honetan, iruzkin orokor batzuek egitea dut gogoko. Esan gabe doa kirol guztietan, eta akaso gizarte osoari dagokio, garaiera eta indarrean gora doazela. Aipatu lau final jokalariak kasurako 187 zm, Elezkano eta Zabaletak, 191, Ezkurdiak eta 192, Rezustak. Bestalde, izango zen gazteagorik, iaz kasurako, baina aurtengoa ere final gaztea da, 23tik 26ra urte dituzte, alegia, lauren artean 100 urte eta hilabeteren bat osatzen dute.
Bakoitzaren ezaugarrien analisia egitea litzateke igandeko finalaren iragarpena egiteko baliogarriena. Nafarretatik hasita, profesionaletara igo zuenetik, erabat deigarria egin zitzaigun Joseba Ezkurdiak zuen indarra, botez atzera nahiz zeharka abiadura ikusgarria emanez gain, boleaz edozein norabideetan –bi paretak barne– min handia egiten zuen, pixka bat irregularra izateak hainbat partida galerazi zion. Kritiko askorekin ados ez nagoen arren, JJ Zabaleta azken urteetako atzelari konpletoena da. Jakina da bai igandeko arerioak edo Albisuk pilota atzerago jartzen dutela, baina Jose Jabierrek bi eskuak inork baino orekatuagoak ditu.
Bizkaitarrarena aurretik esan dut. Urratsik atzera eman gabe ikasiz doa. Defentsa izugarria du bai hankaz ondo dabilelako eta postura ugariak ditu eskuekin. Inolako kolpea eman gabe pilota urrun eta zabal emateko abilidadea dauka, kakoa eta dejada ere edozeinek bezala eginez.
Atzelari bergararra mundu guztiaren ahominean dago azken urteotan. Oso aspaldiko Migel Soroaren garaietatik, ez da ezagutu eskerrez azpitik nahiz saihetsetik horrela pilota astintzen duen atzelaririk, eta hankak ere kuadroko bizkorrenak ote dituen nago.
Berrekinez final partida handi bat bizitzeko ezaugarri peto petoak, materialarekin ere apenas izan da arazorik, eta harmailetako berotasuna ere ez da faltako.