Titularrera hitz laguntzaile handirik ez eramatea, horiena barik arerioen errua da, Elezkano eta Rezusta txapelketan erakutsi duten mailatik urrun egon direlako Bizkaia frontoiko finalean, batez ere atzelaria. Azken hiru urteetako txapelketetan abantaila eman duen pilotaria gainbehera etorri zelako igandean.
Arestiko iruzkinak ez beza pentsarazi pilotari sakanarrek meriturik egin ez zutenik. Nork bere tokian partida ikusgarria egin zuelako. Ikusgarria eta eraginkorra. Lan polita edo txukuna egitea izan arren helburua, arerioen akatsez baliatzea ere ildo beretik doalako emaitza lortzerako orduan. Etxarrengo atzelarian ipini zuten gehien baten tantoa osatzeko oinarria, atzeko koadroetan bi eskuz bergararra mendean hartuz akatsa eginaraziz batzuetan eta beste batzuetan Ezkurdiari errematatzeko aukera emanez. Dena den, arbizuarrak lehia osoko itxurarik hoberenetarikoa erakutsi zuen. Esaten genuen aurrekoan behetik gora egin duela jokoan eta Bilboko frontoian bere irudirik onena eman zuen. Josebak boleaz nahiz sotamanoz gogor astindu zuen pilota atzealdera eta, aurreko kuadroetan kakoz jotako perfektu batzuez gain, hain ondo menperatzen dituen bi paretak eta eiñakoren bat paratu zuen. Laburbilduz, kristoren joko puntua eskuratu du Joseba Ezkurdia arbizuarrak ate-joka dagoen Buruzburukoa inoiz baino berme gehiagorekin jokatzeko. Inoiz baino ilusio biziagoa duela aitortu du berak ere.
Ikuskizuna ez zen izan espero genuena. Aurrikusi gehienek partida orekatua bezain gogorra, bizia, espero zuten, eta antzekorik ere ez genuen izan. Gorrien ondo eginak eta urdinen akatsak, berehala ipini zuten tantoetan alde ikaragarria (18-4) ordu erdi eskasean, partida ia bukatutzat emanez. Erlaxatuz akaso, nafarrak pare bat oker eginez, pixka bat animatu zuten giroa, baina azkenerako ere emaitza latza (22-9). Giro ikusgarria frontoian baina espektakuloa... beste baterako.