Inor gutxik jartzen du zalantzan esku huska pilota modalitatean Manomanista dela urteroko zitarik behinena. Binakaka ikuskizuna emateko kirola izan arren, buruz buru dabiltzanean epika nabarmentzen dela ezin ukatu. Hemen ez dago intendentearen maneiatzerik, alegia, aurrelari edo atzelariari bentaja ematerik. Bakoitzak bere onena eman behar du kantxan, botilleroaren aholkuei jarraitzea ahal izan edo ezinean. Manomanistaren prestigioa ez da atzo goizekoa. Pilotaren kronikak direnetik harrezkero txapel hori janzten duenak, urte osoan -lehen gerrikoa soilik- elastiko gorria eramango du jokorako kantxaratzen den bakoitzean eta analesetan haren izena -eta ez besterik- agertuko da. Ba dira dozenerdi liburu Manomanisten izenekin osatuak.
Ezuztekoa izan da aurtengo edizioari nabarmenki jarri diogun izenlaguna. Ez uztekoa izan delako, iaz -aurtengorako- zerrenda buru izatea lortu zuten laurak, Bergoetxea, Rezusta, Urrutikoetxea eta Irribarria, azpitik zetozen Elezkano, Olaizola, Altuna eta Ezkurdiak kanporatu dituztelako eta lau hauek jokatu dituzte finalaurrekoak, dagoenik ezaguna den emaitzekin: Olaizolak Elezkano mendean hartu zuen eta Altunak beste hainbeste Ezkurdia. Zerbait gehiago dakigu jadanik, azken honek jaso duela lehiaren brontze edo hirugarren postua, partida latz eta estu baten ondoren Elzkano mendean hartuz.
Bataren beterania eta bestearen sasoia dira, igandean Miribillan izango diren finalistei buruz aipatzen diren ezaugarri nabarmenenak. Polita izan zen Aimarren erantzuna beterania edo sasoia eztabaidan jarri ziotenean "Aukeran sasoia nahiago" bota zuen. Ezin esan daiteke, dena den, Goizuetako txapeldun handia forma edo sasoian ez dagoenik. Bai buruz buruko honetan, Albisu, Rezusta eta Elezkano mendean nola hartu dituen ikusiz eta aurretik jokatu duen binakakoan erakutsi duen jokoaz.
Jokin Altunaren kasuan, artista dela diote adituak. Edozein postura edo aukeran erantzun zuhurra eta efektiboa ematen dakiela, gehituko nuke. Atzeratzen, errematatzen edota defentsan kristoren baliagarriak ditu eta buruz ere ez da batere ahula. Ez du ezer galdutzat ematen batak edo besteak 22 kartoia lortzen duen arte. Binakako finalera iristeko edo lehia honetan Retegi Bi, Urrutikoetxea eta Ezkurdiari eman dien pagoak konfirmatzen du esandaakoa. Igandeko finalaren kasuan, arerioak ia ezaugarri berberak dituela, ezuzterik ezean, sekulako partida eskaintzeko baliogarri guztiak ditu.
Aspaldiko urte askotan ohi den bezala, Miribillako Bizkaia frontoia lepo beteko da urteko zita espezial hau ikusteko, zuzenean bizitzeko. Apustuetako dirua "pixka bat" gorri aterako da, Olaizolaren alde, alegia, partidaren zehar aldaketak erraz eman daitezken arren. Gehiegi esan ez den arren, belaunaldi biren arteko lehia bada ere, estilo berdintsuetako pilotariak dira. Aimarrek erakutsi du berea ia 20 urtez eta Jokin beste hainbeste egiteko hautagairik nabarmenena da.