Gure artean torturatzaile ugari izan ziren, Melitón Manzanas, Criado, Sanz, Hidalgo eta abar. Beren lana gazte borrokalari denak, neska ezein mutil, zigortzea zen, egia ala ez, edozer kantatzera behartu edo bildurra hezurretaraino sartu arte. Hauek torturatutako batzuk lagun genituela, epai egunetan Tolosan elkarretaratu ginen Argentinar Kereilaren aldeko Euskal Plataformako zenbait talde torturatzaileen kontra justizia eta estradizioa aldarrikatzen. Audientzia Nazionalak, nola ez, aske utzi ditu.
Errenta onarekin eta inpunitate ederrenean bizi izan dira aitatu biak Madrilen, Argentinako Auzitegi Gorenak gizateriaren kontrako krimenen autore lez inputatu eta euren estradizioa eskatu dituen arte, justizia unibertsala eragiteko nazio artean onarturiko legediaz baliatuz. Bitartean Tejerazo-aren omenezko bazkari batean agertzeko adorea ere ez zaie falta izan. Espainiar gobernuak betidanik babestu ditu eta babestuko ere. Ez du ametituko frankismoa eta bere morroi leialak inon eta inork epaitzerik, nahiz eta horretarako nazioarteko konbentziotako araudiak urratu, berak ere sinatuak batzuk. Nahiago munduaren aurrean ipurdia agerian duelarik gelditu. Agian, frankismoarengandiko zilbor-hestea ezin moztu.
Badago besterik. Iraken eraildako Jose Couso galiziar erreportariaren kasua bertan behera uztea erabaki du Espainiar Gobernuak, amerikar ejerzitoa ez ikutzearren. Berdin, nahiago izan du Tibet herriak jasandako genozidioaren aurkako epaia jarraitu beharrean, kasua ixtea, txinatar gobernuaren mesederako. Pilatosen antzera Estatu lagunak epaitu baino nahiago eskuak garbitu, horretarako botere judizialeko lege organikoa aldatu behar badu ere. Justizia Unibertsalari bizkarra ematea erabaki berri du. Bere subiranotasuna eta askatasuna zaindu ordez, nahiago du komenentziaz ahalmen edo eskubide hori galdu, sartaldeko estatu demokratiko gehienengandik aldenduz.
Argentinar Kereilari dagokionez, espainar gobernu PPtarrak, ez du lagako frankismoa inondik inora epaitzerik, ez bertako epaiak, ez atzerrikoak. Bestetik, ez dute bereganatu nahi atzerriko Estatu edo indarrik epaitzeko ahalmenik. Interes politiko edo ekonomikoengandik ez dute horrelako eskumenik nahi, munduko justizia eta zuzenbidea hortxe jokoan egon arren. Argudio bikoitz harrigarria! Ezin inork frankismoaren krimenik epaitu; ezta Espainiak atzerrikorik ere. Legebideekiko autarkia borobilla, alajaina, espainikoa! Espainiak uste du nazio arteko konpromisoetatik berak nahi duenean eta nai bezala aldendu daitekela.
Frankismoaren krimenen aldeko inpunitateari eusteko edozein aitzakia darabilte, maiz kontrajarriak: banakako ekintzak zirela, ez multzoan eginak, ez sistematikoak; beraz ez gizateriaren aurkakoak; preskribitu dutela; Amnistia Legeak barkatu dituela eta abar. Euskal Herriko auzitegi batean bilduko balira garai hartan Zarautz, Tolosa, Intxaurrondo, Ondarroa, La Salve, hainbeste koarteletatik edo Indautxu eta Donostiko komisarietatik pasatako ehunka gazte denak, zeinek mantendu torturak ez zirela izan sistematikoak? Ez zutela belaunaldiko gaztedia golpatu? Ez zirela gizateriaren kontrakoak? Zenbatu ditzagun frankismoaren azken hamarkadan (1964-77) frankistar epaitegietatik pasa eta preso jausitako lagunak, kontutan harturik gehienak aurretik torturatuak izaten zirela… Zenbat denera herri guztietan? Jaurlaritzak torturaren atala aztertzeko izendatu berri duen batzordeak zabaldu behar luke denuntziak aurkezteko epea, aurrekoan baino deialdi zabalagoa eginez eta behar den sakontasunez bortizkeria bere osotasunean jasoaz.
Harrigarria benetan, Bush eta Aznarren garaian, terrorismoaren aurka munduan txapeldun bezala aurkeztutakoak, gerrak eta nahi beste legedi berezi eragindakoak, eurek edo euren arbaso politikoak sortutako terrorismoari buruz hain entzungor eta alzheimerdun erantzutea.
Inolaz ere ezin dute frankismoa, bere buru eta morroiak epaimahian ikusi. Ulerterreza, nolanahi, beren jarrera. Zer ezkutatu eta zer isildu asko dutelako, agian. Oraingo sistema “demokratikoak” erregimen harekin zerikusi handia duelako, bai ideologiaren aldetik, bai zenbait erakundetan ondorenak bizirik diardutelako: auzitegi eta presondegi sistema, militar eta errepresio indarren hedadura, monarkia bera eta abar. Ezin kondenatu beren jatorria; odolean daramate. Horrexegatik, beroiei egurra ematen jarraituko dugu.