Kasu historikoa; Gernikako epaileak frankismoaren biktimei entzun die

Erabiltzailearen aurpegia Juan Mari Zulaika 2014ko mai. 26a, 09:06

Orain hilabete, Jesus Muñecas eta 'Billy el Niño', Francoren diktadurako torturatzaile izendatuenetako biren estradizioa ukatu zuen Audientzia Nazionalak. Bere bufanda babesgarria luzatu zien.

 

Orain bi aste Espainiako justiziak legea aldatu zuen atzerrian eraildako espainiarren defentsan jarritako kasuak bertan behera uztearren; esate baterako, Jose Couso Iraken amerikar ejertzitoak eraildako galiziar kazetariaren kasua, edota El Salvadoren hildako jesuita Ignacio Ellacuriarena, edota berdin Tibet herriak Txinagandik jasandako genozidioaren aurkako epaia, naiz eta neurri horrekin dozenaka narkotrafikante atzerritar kaleratu behar. Nahiago dute Estatu lagunen mesedetan Justizia Unibertsalari bizkarra eman.

Panorama ilun honen erdian, argentinar kereilako epaile den Maria Servini de Cubria, Euskadin plantatu da joan den astelehenean, hiru euskal kereilante entzutera. Lehenengo kasuan, Felix Padin adin handiko CNTtar milizianoa ikustera Miranda de Ebron agertu zen, nahiz eta bertako epaileak harrera ukatu, eskariari entzungor eginaz. Beste kasuan berriz, kereilanteak Kaltzadatar neba-arrebak ziren, bi kasuengatik, aita hil zietelako 1937an Busturiako beste bost lagunekin eta Julenek Zamorako Apaiz Kartzelan egindako zazpi urteengatik. Gernikako epaitegiko Rodriguez andre epaile gazteak onetsi zuen parte-hartzea neba-arrebei testifikatzeko aukera emanaz. Berak hartu zien deklarazioa Maria Serviniren izenean eta beronen presentzian. Lehenen kasu historikoa, non eta Gernikan, kereilari ongi-etorria, 75 urteko isiltasuna urratuaz.

Argentinar epaileak aurrera darama bere erabakia eta Sevilla, Malaga eta Madril bisitatuko ditu, zenbait kereilante entzuteko, justizia unibertsalaren zerbitzura, nazioarteko konbentzioetan izenpetutako araudiei jaramon eginaz, Espainiak berak sinatutakoak eta inoiz praktikatuak ere, adibidez, Pinocheten kasuan eta oraindik espainiar espetxetan zigorra betetzen dirauen Zilingo argentinarrarenean.

Argudio bikoitz harrigarria! Ezin inork frankismoaren krimenik epaitu; ez da ere Espainiak atzerrikorik. Legediarekiko autarkia borobila, alajaina! Espainiak uste du nazioarteko konpromisoetatik berak nahi duenean eta nahi bezala aldendu daitekeela.

Frankismoaren inpunitateari eustearren edozein aitzakia darabilte. Altxamenduko krimenen kasuan, bere antzinatasuna. Diktadurako krimenen kasuan, 1977ko legea azken-puntutzat harturik. Banakako ekintzak zirela, ez multzokoak, ez sistematikoak; beraz ez gizateriaren aurkakoak, eta abar. Bilduko balira frankismoaren azken hamarkadan Intxaurrondo, La Salve, Zarautz, Tolosa, Ondarroa eta beste hainbeste kuarteletatik edota Indautxu eta Donostiko komisaldegietatik pasatako ehunka gazte edota sumarisimo eta TOP-eko frankista epaitegietatik pasa eta preso jauzitako denak, zeinek mantendu errepresioa ez zela izan sistematikoa? Ez zuela belaunaldiko gaztedia kolpatu? Ez zela gizateriaren kontrakoa, kontutan harturik gainera, gehienak aurretik torturatuak izaten zirela. Aparte, altxamenduan eta diktaduran hil eta desagertutako dozenaka milak.

Inolaz ere ezin dute frankismoa, bere buru eta morroiak, epaimahaian jarrita ikusi. Agian, oraingo sistema 'demokratikoak' errejimen harekin zerikusia baduelako, bai ideologiaren aldetik, bai zenbait erakundeetan: auzitegi eta presondegi sistema, militar eta errepresio indarren hedadura, monarkia bera eta abar. Hainbeste kosta zaie frankismoarenganako zilbor-hestea moztea?

Ikusteko gaude zenbat epaitegik ateak irekiko dieten Maria Servini epaileari. Beldur naiz Miranda de Ebrokoa errepikatuko ote den. Beldur naiz, europar hauteskundeen ondoren, ez ote den zabalduko ekaitz mediatiko zaratatsu bat. Harritzekoa benetan, Bush eta Aznarren garaian, terrorismoaren aurka munduan txapeldun bezala aurkeztutakoak, gerrak eta nahi beste legedi berezi eragindakoak, eurek edo euren arbaso politikoak sortutako terrorismoari buruz hain entzungor eta alzheimerdun erantzutea. Hanka artetik pasa nahi dute Justizia Unibertsala.

Beraz, aurrera Maria Servini de Cubria epailea!