Renne Cassin saria eta kontraesanak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Mari Zulaika 2015ko abe. 11a, 08:45

Bakegintza eta Bizikidetza Planaren Idazkaritzak bere araudia hautsi du, Rene Cassin Saria Argentinako Kereilako Biktimei eta ordezkatzen dituen Euskal Plataformari eskaintzerakoan. Planak 1960ko urtean dauka ipinia hasierako muga. Kereilak, berriz, 1936ko Francoren matxinada armatuan du abiapuntua, diktaduraren amaiera arte, 1977an. Hain zuzen, trintxerak eta sarraski frankisten eremuak ezagututako 95 urte gorakoak jasoko dute saria Urkulluren eskutik.

Kontraesan nabaria, baina gurekiko, ongi etorria. 1960ko abiapuntua PSE-EE eta PPren arteko legealdiko herentzia izan zen, bat ere zentzurik gabea, baina kontsentsuaren premiaz Jaurlaritzak jasan behar izan duena. Kontuan eduki zezakeen Ibarretxeren Legea (52/2007), gerratea eta ondorenak gogoratu zituena, baina ez. Bizirik ditugun gudariak hala aldarrikatzen dute: «Ez da posible bakeaz eta bizikidetzaz jardutea, gerratea eta diktadura garbitzen ez diren bitartean». Alderdikeria ankerrez ezkutatu nahi dute frankismoaren giharra. Baina, historia moztea, egia eta errelatoa faltsutzea da. 

Oraingoz, biktima horiek ez dira inon aipatzen, ez Memoriaren Mapan, ez Udaletako Erretratuetan, ezta ere ikastetxetako ekimenetan. Bide horretatik ezingo da frankismoa garbitu Alemaniak nazismoa garbitu zuen irmotasunez. Ekimen gehienak daramate 1960ko urte ditxosoa abiapuntutzat, harresi baten gisara frankismoa estaltzeko, ETArena beste terrorismorik ez delakoan. Espainian ala nazioartean pilatu den legediak halako pisua egotzi diote «terrorismo» hitzari, ezen berak markatzen dituela zeintzuk diren biktimak, zeintzuk ez. Baina, ez al da frankismoa, bere edozein arotan, historiako terrorismo nabarmenetako bat?

Argentinako Kereilako biktimetatik, gerrakoaz aparte, hirutik bi estatuak eragindakoak dira: batzuk sumarisimoak erailak, asko kalean hil edo zaurituak eta gehiengoa tortura eta/edo kartzela jasandakoak. Lege dena kasik ETAren terrorismoari dagokio. Gainontzeko biktimak doi-doi aipatzen dira, soilik 107/2012ko Dekretuan, eufemismo ahulezko esaldiaz bada ere. «Ekintza antiterrorista» ei da gerra zikina eta poliziak eragindako biktimak, «arrazoi politikoaren» edo «polizia-abusuen» ondorio hutsalak. Aitatu ere ez, Estatuak terrorismorik egin duenik, ezta ere Mikel Zabalza edo Lasa eta Zabalaren kasu nabarmenetan. Premisa horietan mugitzen da plana bera, nahiz eta hautsi «biktimarik ez diskriminatu» helburua.

Zorionez, Bakegintza eta Bizikidetza Planak jaso zuen tortura, trantsizioraino iraun duen frankismoaren herentzi makurrenetakoa. Pako Etxeberriarekin lanean diharduen Ivac-Krei taldeak osatuko ahal du, neurri batean bederen, torturak herri honi eragin dion zauri ikaragarria.

Bestetik, ulergaitza bada ere, planak ez du aitatu ere egitenkartzela arazoa, nahiz eta izan frankista aro denetako errepresio bide nabarmenena. Honetan ere arauak hautsi edo gainditu egin ditu Rene Cassin sariak. Zorioneko kontraesana, berriz! Argentinako Kereilaren eragile eta Euskal Plataformaren fundatzailea delakoz, Goldatu Elkartea ere gonbidatua izan da saria jasotzera, espetxeratuez osaturiko taldea bada ere. Diktaduraren aurka borrokatutako milaka gazteekin batera Militar epaitegiak eta TOPek kartzelatuak izan gara. Baina, ze arraiogatik, ez du aitortzen planak giza eskubideak urratu zaizkigunik eta presoen atala zabaltzen? Bizitza eskubideaz aparte, ze eskubide, askatasunarena baino nagusiagorik? Esku-larru zuriko tortura fin bat da atxiloketa. Zamorako preso ohi Garcia Salvek aitortu bezala: «Kartzela pertsonen trituragailua da». 

Bakegintza Planaren araudiak, Memoriaren Institutu berriak, Errelatoek eta abarrek preso-ohiei ere ikerketa eta errekonozimendua eskaini behar diote. Jausiko dira espetxeak pikotxaren kolpez etxebizitzak eraikitzeko, baina mesedez, ez daitezela desagertu Memoriaren Mapetatik erresistente espetxeratuak.

ETAk su-etena erabaki zuela lau urte igaro arren, salbuespeneko kartzela politikan dihardu Estatuak: gaixoekiko basakeria, Parot Legea eta atzerriko espetxeetan konplitutako urteak ukatuz, betirako kartzela zigorra ezartzea, dispertsioagatik errepideetan 16 hildakoak eta abar. Horiek denak noiz hartuko ditu gogoan planak? 

Epaimahai frankisten oinordeko zuzena den Auzitegi Nazionalak iruzur-makro-epaien bidez hainbat atxilotu ditu: Egin etaEgunkaria prentsako zuzendariak, presoen defentsan aritzen diren abokatuak, buruzagi abertzaleak, Herrikoen arduradunak, dozenaka gazte ekintzaileak, «dena da ETA» aitzakiatan, nahiz eta probatu ezin eta erreparaziorik gabe urteetara askatu. Amnesty Internationalek eta NBEk esan ohi duten bezala, politika honek giza eskubideak urratzen ditu eta erantzun bat merezi luke planaren aldetik. 

Ezingo da ulertu Bakegintza eta Bizikidetza Planak beste biktimen alde ere parte hartzeko kontseilu bat ez eraikitzea, ETAren terrorismoaren biktimen alde eratuaren antzekoa (4/2008 Dekr). Biktima talde batzuk jasaten duten babes ezak, hori eskatzen du. Azkenik, Argentinako Kereilaren partaide garenok ez dugu jokatu nahi zenbait taldeek darabilten lobbypapera, baina bai nahi dugu planak ohiko dituen elkarlan organoetan esku-hartzea, biktima guztiak berdin tratatuak izan daitezen, inor baztertu gabe.

 

[2015-12-10] Rene Cassin saria jasoko dute Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformako euskal biktimek