¡A ze abadeak, Konkordatu Kartzelakoak! Pedro Berriategortuari omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Juan Mari Zulaika 2018ko ira. 6a, 10:17

Pedroren heriotzak beltzez tintatu du Konkordatu Kartzelaren 50 urteurrenaren ospakizuna, baina ez du lausotu, gehiago motibatu baizik. Senideek eta lagunek bere omenez antolatu duten omenaldia iragarri nahi dizuet idazki honekin, irailaren 8an, larunbata, Zornotzako Zelaieta Zentroan.

Ajeak alboratuta, Zamoran egon zirenek eta beste errepresaliatuek uztailean prestatu genuen bazkarira etortzen tematu zen bihozkadak emanda, lagunak agurtzera hain zuzen. Disimulatu ezineko poztasunez jaso zuen, taldearen buru zenekoz, eskaini zitzaion lore sorta. Eusko Gudariak ere abestu zuen, kartzelan logelako pabiloian abestu ohi genuen lez. Bederatzi egunetara eman zigun azken agurra. 

Borrokarako bere zintzotasunagatik, bera genuen zutabe dinamiko eta errespetagarrienetakoa. Kartzelan ezagutu nuen eta gero kanpoan Gogor taldearen hartu-emanetan. Jarrera sendoa eta tinkoa zuen gizonak eta bide batez, patxadakoa. Lider naturala zen.  

Bere arau sozialekin koherente, elizako soldatari uko egin zion, hainbat lan ezberdinetan aritu zen ogibide moduan, abade langile gisara. Sozial eskolak bultzatu zituen, JOC edo Herri Gaztedi elkarteekin batera. Garaian hain ugari ziren aldarrikapen eta mugida guzietan hartzen zuen parte: lan-grebak, Aberri Egunak, Maiatzaren 1ak, Obispaduko itxialdiak, batez ere, Derio Apaiztegikoa, eta abar.

Hain  'inkontrolatu' ez zirenetik erasoak jasan zituen, esate baterako, autoaren erreketa. Birritan sartu zuten Konkordatu Kartzelan, 1968ko abuztuan hilabete eta erdirako Etxebarrietaren alde meza emateagatik eta 1972ean sei hilabeterako desakatu eta propaganda ilegalagatik TOPek zigorturik. Zamorako abadeetan bakarrik, 16 izan ziren TOPeren epaiak eta 19 epai militarrenak. Mostra txiki bat baino ez da azken frankismoaren sententzien artean, zeintzuk ezabatu behar diren, bai edo bai.  Ihesteko zuloa egin edo su eman zitzaionean, bera ez zegoen barruan; kanpotik lagundu zuen baina. Ekintzen zergatia ez zen kartzela erretzea, irudikatzen zuen Konkordatua kolpatzea baino.  

Euskal Herriaren eskubideen alde, autodeterminazioa, euskara, euskal kultura eta abar, Eliza bera horretara behartuaz, borrokalari nekaezina izan ba zen, ardura berdinekin jokatu zuen eskubide sozialen alde. Gizartearekiko alderdi biak elkartu zituen “Euskal Herri Langilea”-ren lelopean, Gogor Taldeak berea egin zuena, ziur ez jakin arren nork asmatu zuen, Periko Solaberriaren sotoan, ETAren  fronte langilean edo Gogor taldean. Langile klaseen ahalduntze aldera zen apustua. Bakarrik zendu berriak aitatzeagatik, Periko Solabarria eta Periko Berriategortua, Imanol Oruemazaga, Julen Kalzada, Txomin Artetxe, taldean poliki lortu zuten ezker meatze-aldeko eta euskal giroko anima biak bat egiten.

Zornotzan kokaturik, Perikok bikain gauzatzen du beharrezko sintesi hau, tirabira batzuk eragin ba zizkion ere, 60ren azkenetan hain ohizkoak. Esanguratsua “Zamorako Apaiz Kartzela” liburuan egiten duen aitorpena: "Garaia ere berezia baitzen oso, Euskal Herriko ezkerraren barruan joera politikoen ezberdintasunak indartuz zihoazen eta gure artean ere nabaritzen genuen, eten ideologikoak gauzatzeraino batzuetan. Aldi berean, ostera, argi zegoen herriarekiko kezka nagusietan guztiok gogaide ginela, Euskal Herria erraietaraino sartua baikenuen".

Beste 19 lagunekin batera, Pedro lehenengotarikoa izan zen Kereila Argentinan parte-hartzeko sinatzen. Maria Servini Epailearen aurrean aurkezteko aukerarik ez izan arren batzuek bezala, beti aitortzen zuen merezi zuela Estatuari pultsu hau botatzea, frankista krimenak salatzen. Ondorio definitiboagoren zain, kanpainak balio izan du Altxamendu genozidaren jarraitzaleek, -gelditzen dira-, hamarkadatan ezarritako isiltasuna apurtzeko.   

Denok gaude gonbidatuta irailaren 8an Zornotzako omenaldira. Diktaduraren kontra borrokatzeagatik torturatuak eta atxilotuak omenduko ditugu Pedrorekin batera. Askok dihardugu oraindik askatasun osoagoen ametsaz.  

Juan Mari Zulaika, Zamorako preso ohia, Goldatuko kidea.

 

[2018-07-24] Zamorako espetxean egon ziren abadeak Bilbon elkartu dira