Demagun, baina, dena ondo doala, kanpoan eguraldi ona zein petrala izan, bai gonbidatua, bai gonbidatzailea hitzorduaz gozatzen ari garela eta, lehendabiziko(ar)en ostean, beste egun zenbaitzutan egin dugula otordua elkarrekin, berean eta nirean. Ez hori bakarrik: beste gonbidatu / gonbidatzaile batzuk parte hartzera animatzeko eta haiekin elkartzeko pausoa ematekotan gaude, euskaltegitik kanpo ere euskaraz aritzeko aukera badela guztiz sinetsita. Hizkuntza ikasgelatik atera eta sukalderaino sartu, eta jatekoari ia-ia erreparatu gabe, pixkanaka-pixkanaka bada ere, arrotza etxekotzat hartu. Horratx, gonbita.