Joseba Barandiaran eta Yolanda Jubeto buruz buru: 'Kapitalismoaren krisiaren aurrean zer egin?'

Erabiltzailearen aurpegia Kafe Antzokia 2015ko mai. 19a, 09:15

Bi ekonomialari buruz buru ariko dira azkenaldiko krisi ekonomikoaren sustraiak eta irtenbideak aztertu asmoz. Kapitalismoaren krisiaren aurrean zer egin, galdetuko diegu.

Zer datorkigun, este batera, TTIP merkataritza hitzarmen trasnatlantiko berriarekin. Kapitalismoak ba ote duen alternatibarik. Alternatiba balego, barnean edo kanpoan ote dagoen. Nolakoa litzatekeen. Eta gerturago etorrita, Euskal Herrian ze indargune eta ahulgune ditugun krisi eta eredu horri aurre egin eta jasangarriago eta solidarioago izango den sistema ekonomiko eta sozial bat garatzeko.

 

 

Bi ekonomialari, bi begirada, bi aditu eta aritu:

Joseba Barandiaran
Barandiaran ekonomialaria da. EHUn lizentziatu eta gero, ikasketak egin ditu AEBetan, Frantzian eta Espainian. 1998tik BBVA finatza erakundean egiten du lan. Ekonomiaren gaineko artikulu-egile ere bada, eta euskarazko hedabideen alorrean analista arras ezaguna. “Gure txikian, lidergo eta egitura politiko nazional sendorik ez dugu. Beraz, behetik gorako herri mugimenduen indar eta gaitasunean dago, egotekotan, biharko euskal ekonomiaren gakoetako bat, ‘euskal’ horri gagozkiolarik, ‘ekonomiari’ bainoago. Tokiko monetek, gertuko nekazarien kontsumo taldeek, kooperatibek, hezkuntza praktika eta borondatezko lankidetza eta barne-elkartasunak garrantzi handia izan dezakete”.

 

Yolanda Jubeto
Jubeto ekonomian doktore da eta EHUn eta UEUn irakasle. Ekonomia aplikatuan jarduten du, eta bereizki generoaren begirada txertatzea du helburua ekonomiaren aplikazio horretan. Ekonomia feministarekin eta nazioarteko ekonomiarekin loturiko irakasgaiak ematen ditu. Ikerketa andana du argitaratua. “Ekonomia ortodoxoak dio norbanakoaren interesak direla funtsezkoak, horiek defendatuz lortzen dela guztion interesak defendatzea, eta oso autonomoak garela, gainera. Feminismoak kontrakoa erakutsi du: jaiotzen garenetik hil arte besteen beharra dugula; zein ahul garen bakarka, baina zein indar ematen digun taldeak, eta guk taldeari, onerako zein txarrerako. Kapitalismoak hainbeste bultzatzen duen planteamendu indibidualista apurtu eta komunitate baten kide izateak ematen duen indarraz ohartarazi du. Balio horiek izugarrizko garrantzia izango dute etorkizunean. Gu batera itzuli behar dugu; nigan pentsatu ordez gugan pentsatzera”.

 

Eguna/Ordua
2015/05/19
asteartea
19:30

Antolatzailea: Jakin aldizkaria