Zaila da deskribatzea zer sentitzen duzun ibilbide luze baten ondoren absoluzio-sententzia jasotzerakoan, espetxea hain gertutik usaintzen duzunean; oso zaila hitzekin adieraztea.
“Beldurra” erabiliko nuke 2009ko azaroaren 24an polizia espainola nire bila etorri zenean zer sentitu nuen azaltzeko. “Lasaigarri” haien atzaparretatik ihes egitea lortu nuenean, tortura ekiditen.
“Samurtasuna” alde egiten lagundu zidaten guztien begietan.
“Amorrua” Ziburun gendarmeek atxilotu eta espetxeratu ninduten egunean.
“Ardura” espainiaratu nindutenean eta Aranjuezeko espetxera eraman nindutenean.
“Ilusioa” senide, bikote eta lagunen begietan 500 km madarikatu horiek betetzen zituzten bakoitzean kristalaren bestaldean ni ikusteko.
“Adiskidetasuna” espetxeko kideekin izandako harremana deskribatzeko, beti bizimodu kaxkarrari irribarre bat ateratzeko prest.
“Urduritasuna” urte eta erdi ondoren “Sr. Renedo batu zure gauzak” esan zidatenean, kanpoan beste bizitza bat itxoiten zegoen eta.
“Nazka” Audientzia Nazionalean burutu behar zen bost hilabeteko prozesu judizial baten data jakin nuenean.
“Elkartasuna” Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo zenbat jende gu libre izateko mugitu denean.
“Familia” nire kausakideetan pentsatzen dudanean, hainbat une intentso pasatu ondoren, askorekin urte luzeetako harremana, espetxera joan aurretik. Negar egin dugu elkarrekin, borrokatu gara, irribarre egin dugu, gozatu, sufritu, eztabaidatu, mundua konpondu, parranda egin, maitatu dugu, baita gorrotatu ere, elkarrekin militatu dugu.
Horregatik 40 absoluzioen berri jasotzean, nire kide guztiak eta ni neu libre izango ginela jakiterakoan, hamaika hitz pasatu ziren nire burutik, ehunka hitz 40on burutik eta milaka hitz 40on senide eta lagunen buruetatik.
Eskerrik asko ibilbide luze honetan egon zareten guztiei eta sententziaren berria poztasunez jasotako guztiei.
Oharra: Asko dugu egiteke oraindik, nire sententzia jakin nuen egunean Jon Telletxeak eta Urtzi Martinezek bi urte eta erdiko espetxe zigorra jaso zuten greba batean margoketak egiteagatik. Haientzako nire besarkadarik beroena.