"Elkartasun handiko bolada bat zabaldu da Mendebaldean. Ematen du bat-batean jabetu garela Mediterraneoa zeharkatu nahi duten milaka lagunen dramaz. Hamarkadaz hamarkada paraje guztietako migratzaileek itsasoaren bidea hartu dute hautsitako gizarteetatik, gerretatik edo miseriatik ihesiz. Afrikan edo Asian gertatzen den legez, gatazka haietako asko egonkortu eta ahaztu egin dira. Hain zuzen ere, orain gerraren eta txirotasun larriko biktimei laguntzeko prest agertzen diren potentzia mundialak dira gatazkoi eusten diotenak.
Zaharrak berri ordea. Hamarkadak dira potentzia ekonomiko eta militarrek, beraien boterea tokian toki ziurtatzeko asmoz, bertoko estatu edota erakundeen alde egin dutela, jihadistak barne, ezegonkortze-kanpainak edota gatazka etniko-erlijiosoak baliatuz. Ekialdea kontrolpean izateko borroka sutsu horren adibiderik adierazgarriena Irak (2004) dugu. NATOren esku hartze hark gizartearen erabateko zatikatzea eta inoiz ez bezalako giza hondamendia eragin zituen, baina aldi berean egundoko etekin ekonomikoa ekarri zien AEBei eta bere aliatuei. Siria jazarpen inperialistaren beste adibide bat baino ez da. Zonaldean dituzten interes militar, ekonomiko eta geoestrategikoak defendatze aldera, armen merkatua kontrolatzen duten potentzia militar eta ekonomiko handiek alderdi batari zein besteari lagundu diete azken lau urteotan, armak, dirua edo entrenamendua eskainiz. Horren emaitza aski ezaguna da: hamaika mila hildako eta milioika iheslari eta errefuxiatu. Oraingo honetan Mendebaldeak Bashar Al Assad-ek boterea galtzea nahi du, edo bestela NATOren esku hartzea justifikatuko lukeen egoera ezegonkor bat sorrarazi. Baldintza hauek dira, hain zuzen, 2012an Libian eman zirenak Gadafiren erailketa eraginez eta Mendebaldeko jarrera politikotik gertu zeuden indarrek gobernua hartzea ahalbidetuz. Baina, zer interes dute potentziek zonalde hauetan? Batez be, bertan oparoak diren petrolioaren eta gasaren erabateko kontrola, hala nola akuiferoen jabegoa, zeina Siriaren kasuan estatuaren esku dagoen.
Beste alde batetik, esan beharra dago interbentzio militar hauek guztiak gure zergekin finantzatzen direla, eta gure etxetik gertu dauden koartel, entrenamendu zelai eta instalazio militarretan antolatzen direla. Eta jakina, gerra hauen erantzuleen artean armagintza industriaren garrantzia azpimarratu behar dugu. Euskal Herriaren kasuan, ehundaka enpresek artilleria-pieza, hegazkin militar, misil, pertsonen kontrako mina eta beste hainbat lehergailu ekoizten dituzte, gatazkan bizi diren herrietan heriotza eta hondamena zabalduz. Enpresa hauen artean, Zamudioko ITP edo Getxoko SENER aipa dezakegu, diru-laguntza publikoak jasotzen dituztenak.
Zorionez, talde etniko eta erlijioso ezberdinen 3 milioi lagun bizi diren lurralde batean, kurduek Rojava deitzen diotena alegia, burujabetza proiektu iraultzailea sortzen ari da, demokrazia parte-hartzailea martxan jarriz, baliabideak komunitateen artean elkarbanatuz, kolektiboki lan eginez, eta Estatu Islamikoari buru-belarri aurre eginez. Baina agerian da inperialismoak ez duela begi onez ikusten. Proiektu burujabe hau erasoen jomuga bilakatu da, batez ere Turkiarenak, herri kurduaren ausardiaren aurkako gerra piztu duelarik.
Ezetz esaten diogu edozein esku-hartze inperialistari, kontuan hartuz ez direla soilik izaera militarrekoak, baizik eta herrien itotze ekonomikoak ere populazio desplazamenduak eragiten dituela. Honela, errefuxiatuaren izaera, leku seguru batean eta duintasunez bizitzeko bere jaioterritik zenbait arrazoi direla medio, ekonomikoak, generokoak, sexu disidentziakoak, ideologikoak, etnikoak, erlijiosokoak eta abar, alde egin behar dion orori bermatua izan beharko litzateke.
GERRARIK EZ, ESKU-HARTZE INPERIALISTEI EZ!
GORA HERRION BORROKAK!"