Elkartasuna ez da inoiz delitua izango

Egun hauetan, Madrilen, zenbait lagun epaituko dituzte terrorismarekiko kolaborazioa egotzita. Ez da berria disidentzia terroristatzat jotzea. Historian zehar adibide anitz ditugu. Hamaika pertsonaia, ondoren birgaituak izan direnak, ustezko aktibitate terroristengatik akusatu, epaitu, kartzelaratu, baita noizbait hil ere egin dituzte.

Pertsona horietako batzuk inoiz gobernuburuak izatera ere heldu dira, edo beste batzuk adibide heroiko bihurtu. Egia esan, pairatzen dugun sistema zaharkitu hau indarrean dagoen bitartean, kapitalismoa alegia, beti egongo da norbait prest horren aurka altxatzeko eta beste mundu justuago bat eraikitzeko.

Oraingoan, gure Askapenako lagunei heldu zaie txanda. Haiek, gu bezala, Komite Internazionalistako militanteak, beste mundu batean sinesten dute eta irmoki lan egin izan dute elkartasun internazionalistan, daukagun mundu injustu hau aldatzeko. Herrien arteko elkartasuna, ederra bezain beharrezkoa, beraien helburua izan da azken hamarkadetan eta ez dugu zalantzarik horretan jarraitzeko xedea dutela, nahiz eta bidean arrisku handiak aurkitu.

Herri honetan injustizia biluzteagatik eta horri aurre egiteagatik milaka izan dira errepresaliatuak eta agian ehundaka jazarpena jasan duten erakundeak. Hamaika gara mundu hobe bat bihotzean daramagunak. Boterea edozein kritika ezerezean uzteko prest dago karguan iraunarazteko asmoz; baina estatuak indar-irudi bat eman nahi duen arren, errepresioarekin ahultasuna besterik ez du erakusten.

Ziur gaude, kalte pertsonala handia bada ere, epaituko dituzten lagunak prest egongo direla tinko aurrera jarraitzeko, norabide egokian daudenen uste osoz.

Beste hainbat persona eta erakunde bezala, bihotzez elkartasuna adierazi eta eskeini nahi diegu gure Askapenako adiskideei. Zuekin gaude eta bidean behin eta berriro ikusiko dugu elkar, bai herri honetan dauden borroketan, baita munduan osoan zehar ereinda dauden beste hainbat gatazketan. Injustizia dagoen bitartean beti egongo da norbait prest horri aurre egiteko eta bere esku dagoena emateko.

Gora Internazionalismoa!

Aurrera Askapena!

Ane Labiano Etxebarria eta Gontzal Martinez de la Hidalga