Estatu terrorismoak 128 pertsona erail eta 518 zauritu ditu Turkian
Urriaren 10eko goizean Bakearen aldeko manifestaldi bat deitu zuten sindikatuek, herri eragileek eta HDP alderdiak. Ibilbidea hasi bezain laster emandako aldibereko bi eztandek 128 hildako eta 500 zauritu baino gehiago eragin zituzten.
Ekainean izan ziren Turkiako azkenengo hauteskundeak, eta haietan herriak AKP alderdiari gehiengo absolutua kentzea erabaki zuen, eta HDPri parlamentu turkiarrean sartzeko behar zituen 82 ordezkari ematea. Emaitza hauekin bertan behera geratu ziren Erdoganen helburuak: hain zuzen, Turkian errejimen presidentzialista sortzea, bere buruari eskumen osoak ematea eta kalifa bilakatzea.
Hauteskundeen aurretik eta ondorenean ere, Erdoganen eta bere gobernuaren politikak neurririk gabeko zapalkuntzak definitu zituen: ezin dezakegu ahaztu hiru hilabete horietan hildako 33 ikasleak, Suruceko ehundaka zaurituak, Cizre setiaturik edukita frankotiradoreek eta armadak akabaturiko 26 pertsonak, edo Amed-eko, Van-eko eta abar luzeko errepresioa. Ezin ahaz ditzakegu ere Kandilen gerrilaren aurkako eraso eta bonbardaketak, hainbat hildako eraginez. Ankarako sarraskiaren aurrekariak izan dira hauek guztiak, hauteskunde berrietarako 3 aste baino geratzen ez direnean.
Erdogan buru duen AKP faxistaren gobernua zapaltzailea, errepresiogilea eta opresiboa dela ez da berria inorentzat; oraingoan ordea gobernu horren politika kriminalak estatu terrorismoa direla ozen esatea dagokigu. Ankarako sarraskiaren lehergailuak eztandarazi zituztenak direnak direla, Erdoganen gobernuak egileak urrun bilatuko baditu ere, gobernu horrena eta bere estrategia faxistarena da txikizioaren errua.
Politika kriminal hau ez da bat ere berria; baina herri antolatuak aurkitu eta aurkituko ditu beti aurrean: kalean antolatu diren herri turkoa, herri kurdua. Erantzun bezala bere komunak eraikitzen jarraitzen duen herria: demokrazia eta herri botere partehartzailean oinarrituriko komunak, beste herri eta etnien eskutik elkarlanean, segurtasun bakarra autodefentsan jartzen duen herria. Eta emakumeen protagonismoa onartzen ez duen iraultza ez dela iraultza argi duen herria.
Azkenik, inoiz baino gehiago, elkartasun besarkada iraultzailea igorri nahi diegu DISK, KESK, TMMOB edo TTB sindikatuei eta HDP alderdiari.
GORA HERRIAK! BIJI KURDISTAN!