Ekialde hurbila garrantzi geostrategiko handiko gunea da eta, gutxi balitz, petroleo, gas eta ur geza erreserba handiak ditu, inguruko gobernuen eta kanpoko interesek irrikatuak. Gainera, historia luzko etnia eta kultura aberastasun handi duen eskualdea da, nork bere hizkera, gobernu eredu, ekonomia eta erlijioak mantendu eta elkarbizi izan dutenena.
Aspaldi honetan, Ekialde Ertaina, munduko beste eskualde geostratiegiko batzuk bezala, eskuz esku ibili eta banatua izan da, kanpoko gobernuen neurrira. Historian zehar, ezer gutxi aldatu da inperialismoaren estrategia ekonomiko eta politikoa.
XX mende hasieran mendebaldeko gobernu inperialistek bultzatutako banaketa geografikoa bertako herri, kultura eta etniekiko mespretxu osoz burutu zuten. Inposaketa honek fanatismoa, sektarismoa eta agintekeria eraman zituen, jatorrizko herriak amaierarik gabeko guda eta anaiarreba arteko sarraskietan hondoratu zituen.
Estrategia honek Ekialde Hurbila etengabeko gatazka gunea bihurtu du. Nahaste honetatik mendebaldeko inperialismoak etekin handiak atera izan ditu, eta ateratzen ditu. Ikuspegi historikoak azaltzen duenez Turkia, Israel, AEB, Qatar, Saudi Arabia, eta Ebko herriek sustatu eta babestu izan dute beti gaur egun Daesh(isis) erakusgarri odoltsuenen artean duen erlijio fanatismoa. “Hain hurrun” ditugun herrialde honetan, hamaika bonba jaurti eta hamaika sarraski antolatu dituzte mendebaldeko gobernuek, eskualdea biktima, gorroto eta mendeku gosez beteaz.
Badirudi, ordea, jendarte honek dardar egiten duela sarraski edo bonba bat gertu lehertzen denean. Halako uneak probestu ohi dituzte miseria, gerra eta genozidioen bultzatzaile diren gobernuak. Halakoetan, komunikabide guztien bitartez, jendartean beldurra, alarma, eta nahasmena zabaltzen dute.
Kaosa eta gerraren mezenasek gatazka hauek ulergaitzak eta aztergaitzak direla zabaltzen dute. Honela, “mendebaldeko demokraziak” basakeriatik defendatzeko, banakako zein taldeen eskubide eta askatasunei uko egiteko beharra azaltzen digute. Armagintzako industriak kaos eta gerra estrategia baliatzen jarraitzen du mozkinak irabazten jarraitzeko. Hala egiten dute gaur egun “hain hurrun” heriotz eta sarraskiak eragiten dituzten arma eta inteligentzia militar tresnak sortzen dituzten Euskal Enpresek.
Bestalde, mendebaldetik, terrorismoaren aurkako borroka aitzakiatzat hartzen dira kriminalizaziorako. Egiazko demokrazia, baliabideen autogestioa edota etnia zein erlijio arteko bizikidetzaren alde egiten dutenak erasotzen dira, Kurdistango mugimenduak kasu.
Gerra estrategia honek, milaka biktima eragiteaz gain, eskualdea betiko gatazka gune bihurtu eta eragindako miseria eta genozidiotik ihes egitera behartzen ditu milaka pertsona. Migrazioook egun batzuz protagonista dira komunikabideetan, baina berriro ere ahanzturara jaurtiak. Honakoa da Europan estalpe bila dauden milaka pertsonen kasua, ukatzen zaien etorkizuna hirietako periferietan bilatzera kondenatuak izango direnena.
Mendebaleko Demokrazia izandaturikoek aurrera egiten dute, milioika pertsonaren harrapakeria, ahanztura eta bazterkerian oinarrituta. Bada garaia kexu antzu eta hipokritak eteteko. Esnatu, gure inguruan miseriaren erantzule direnak nabarmendu eta azkar ekiteko garaia da, Gerraren amets gaiztoa behin betiko, han eta hemen, ezarri aurretik.
Egileak: Nekane Solabarria eta Aitor Ezkurdiam, Komite Internazionalistak