Gora munduko emakumeon borroka!

Joan den martxoaren 8tik igaro diren hamabi hilabete hauek egoera lazgarria utzi dute munduko hamaika bazterretan. Basakeria kapitalistak herrialdeak bonbardatzen jarraitzen du, hilketekin, gosez jendea hiltzen, esklabutza mailako lan baldintzak jartzen, natura baliabideak lapurtu eta kentzen, eskubideak murrizten, kulturei uko egiten, emakumeak erailtzen eta eguneroko errepresioa areagotzen.

Bidegabekeria heteropatriarkalak bere bidea egiten jarraitzen du, suntsiketa arma masibo baten modura, gupidagabe, konponbiderik gabeko zauriak uzten planetaren txoko guztietan.

Komite Internazionalistetan militatzen dugun lagunok, gure eguneroko lanarekin, bozgorailua izaten ahalegintzen gara eta geure egiten ditugu munduko pertsona horien guztien borroka, altxatu eta sistema basati horren kontra egiten dutenena. Toki horietara hurbiltzen gara eta gure errealitatea gerturatzen diegu, partekatu egiten dugu, ikasi egiten dugu eta elkartasun sareak josten ditugu, pausoz pauso, bidea eginez, pausoz pauso bidean eurekin. Milioka gara jendarte parekideago bat, askeago bat eta justuago bat eraikitzeko borrokan ari garen pertsonak.

Horregatik, martxoaren 8 honetan, aitortza egin nahi diegu, modu berezi batean, erresistentzia eta matxinada horien protagonistei, munduko emakumeei, ikusezin izan direnei eta aitortzarik ez dutenei. Emakume iraultzaileek osatutako borroka istorioak denak. Izan ere, kapitalismoaren zapalketa krudela, ongi dakigun moduan, are krudelagoa da emakumeontzat. Kapitalismoak, eta patriarkatuak eskutik, kolpatzen gaitu, bortxatu, gutxietsi, azpiratu eta hiltzen gaitu, hemen eta mundu guztian.

Aitortza hau urteko egun guztietara zabaltzen dugu. Egunero, munduko txoko guztietan, altxatu egiten da emakume bat patriarkatuaren forma ugarien kontra. Borroka feministak ez du etenik, eta ez da egun bakarreko kontua, ez leku jakin batekoa edo batzuena bakarrik.

Kurdistango emakumeak egunero Isis edo Daeshi aurka eginez, edota Palestnako emakumeak bi okupazioen kontra borroka eginez, duintasun eta borroka eredu izaten jarraitzen dute. Afrikan, milaka emakume antolatu eta elkartu dira Via Campesina Asanbladan. Hego Ameriketan adibide ugari daude, tartean Guatemalan, Rios Montten diktaduran egindako krimenak ikertu eta egiaren bila bizitza arriskuan jartzen duten emakumeena kasu, edota Mexikoko Patronas emakumeak, autogestioaren bitartez kontinente osoa gurutzatzen duten inmigranteei babesa eman eta jaten ematen dietenak.

Preso dauden emakumeen eta amen borroka, estatu espainoleko sakabanaketa politikak behartuta ehunka kilometro egin behar dituztenak euren seme-alabak ikusteko, klandestinitatean dauden emakumeak, erbestean, behartuta mugitutakoak…

Munduko txoko guztietan milioika emakumek egunero borrokatzen dugu, patriarkatuak historikoki ukatutako eskubideen alde eta indarkeria matxistaren kontra, eta gure eskubide sexualen eta ugalketa eskubidearen aldarria egiten dugu, enfasi berezia eginez abortu libre eta doakoaren alde, herrialde askotan ukatua den eskubidea eta urtero milaka emakume hiltzera kondenatzen dituena.

2015ean Emakumeen Mundu Martxak arrakastaz egin zuen Kurdistanetik Portugalera arteko bidea, sareak josi eta aldarrikapenak lau haizetara zabalduz...horiek guztiak adibide bat baino ez dira.

Komite Internazionalistetatik, martxoaren 8 honetan, omenaldi bat egin nahi diegu egunero mundu zabalean altxatzen diren emakumeen borrokei, Europan, Euskal Herrian, gure auzoetan, bizirauteko eguneroko eredu direnei, patriarkatuarekin errebelde.

Gora munduko emakumeon borroka!