Komite Internazionalistetako kideok ere, noski, txirrinka egingo dugu asteburuan. Euskal herrian lojika kapitalista eta patriarkarrek dakarzkiten ehundaka txikizio proiektu ezagutu eta ezagutarazi, eta beste hamaika herri mugimendu eta alternatiba saretzeko egingo dugu txirrinka. Gure partetik, era berezi batean, dakarkigun mundu eta herri ikuskeratik, txikizioak munduan dituen ehundaka aurpegi ere presente edukiko ditugu. Ezin baitugu ahaztu eraso hauek mundu osoan orokortuak direla.
Bizi dugun eredu hiltzaile honek, hormigoiaren eta epe motzaren eredu honek, hamaika txikizio eragiten ditu, kapital pilaketa eta kontsumo gizartea ahalbidetzen, patriarkatuaren handinahikeriarekin, eta herrien bizitzen, izateen eta erabakien gainetik pasatzen. Munduan, herrien etsaiek tren azkarrak eraikitzen dituzte, hiri handietako dirudunak lotzeko. Zabortegi eta errauskailu erraldoiak sortzen dituzte, etorkizunik ez balego bezala bizitzeko. Politikarien gloria eta handiustekeria goraipatuz, hormigoiz estaltzen dituzte atzoko baratzak. Kolonbia bezalako lurretan, nekazari txikiak biolentziaz hirietara bota eta nekazal industria handiak inposatzen dizkiete. Afrikan, gure eguneroko kontsumo teknologiko basatitik bizitzen jarraitzeko, koltan meatzeetan langileak zapaltzen dituzte. Kurdistanen eta beste mila txokotan, energía xahutzeko, kontrol geopolitikorako eta herriak zein historia ondoratzeko urtegiak eraikitzen dituzte. Mundu ia guztian, iada gehiegi ustiatu duten petroleoaren kaltea txikitzetik hurrun, urak arriskuan jartzen dituzte frackingaren bidez. Hain zuzen Israel bezalako estatu estatu genozidek herriak lehortzeko kontrolatzen duten ur hori kutsatzeko. Mundu osoan, lurra mehatsupean dago.
Aitzitik, hamaika txokotan, behin eta berriro, erresistentzia ere loratzen da. Agian bakan, askotan nahikoa lurrik gabe, nork ureztatu gabe, baina herriak mila lekutan lanean eta borrokan dabiltza, lurrarekin batera ondo bizitzeko. Euskal Herrian, landare horietako asko txirrinka ibiliko gara asteburuan. Komite Internazionalistek ere, munduko herriak gogoan, gure herriko lurraren aldeko borrokekin txirrinka egingo dugu.
Txirrinka 2016: Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu!
AHT Gelditu! Elkarlana koordinakundeak eta hainbat talde sozial, kultural eta sindikalek 2016ko maiatzaren 20, 21 eta 22an Txirrinka izeneko ekimena burutuko dute. “Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!” lelopean, txandakako bizikleta martxa honetako lau zutabek Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia zein Arabako lurrak zeharkatu ondoren AHTko Bergarako korapiloan elkartu eta helmugaratuko dira. Ekimen honen bitartez lurraren alde eta AHT zein proiektu suntsitzaileen aurkako aldarria zabaltzeaz gain egungo eredu soziala eraldatzeko deia ere egingo da.
Azken urteotan azpiegitura erraldoien plangintza eta eraikuntza amorratua izan da: garraio politika itxuragabea (AHT, autopista eta autobien sarea, itsas eta aeroportuak,..), energia ezarketa ikaragarria (Garoña, zentral termikoak, fracking egitasmoak, goi tentsioko lineak,..), ur eta beste baliabideen metaketa eta erauzketa neurrizgainekoa (urtegiak, ubideak, mehategiak, harrobiak...), zaborren tratamendu kutsakorrak (errauskailu eta zabortegiak nonnahi), eta oro har metropolizaziorako joera jasanezina.
Azpiegitura hauek guztiak elkarren osagarri dira eta kapitalismoaren ezinbesteko oinarri. Proiektu horiek gauzatzeko baliabide naturalak zein ekonomikoak izan dira euskarri eta ingurua, berriz, hondakindegi. AHT horren adibide biribila dugu. Hitz batez, lurra hipotekatzen ari gara; horrela segituz gero hipoteka hau ezin izango dugu inolaz ere ordaindu eta orduan konturatuko gara ez dugula ordezko etxerik, ordezko planetarik: Parisen klima aldaketaren inguruan egin berri duten bezalako ekitaldiak zirko hutsa dira. Ekimen hau sustatzen dugunok, argi dugu natura zaintzea eta jendarte eredua eraldatzea gure ardura dela, geure zein hurrengo belaunaldiekin arduraturik gaudela eta ezin dugula lasai egon inguruan gertatzen ari denari begira. Lurraren aurkako guda hau gelditu eta hainbeste azpiegitura txikitzaile behar dituen sistema hau irauli behar dugu, egungo eredu soziala goitik behera eraldatuz.
Azpiegitura hauek bultzatzeko erabilitako errekurtsoak jendearen zerbitzurako jarri behar dira. Ezin dugu onartu milioika milioi € azpiegituretan gastatzen diren bitartean, langileak esklabutzatik gertuko egoeretara kondenatzea, jendea beren etxeetatik erauzi ondoren kale gorrian bizitzera zigortzea, etorkinak gaizkile gisa tratatzea, zerbitzu publikoak pribatizatzea. Oro har, ezin dugu onartu kontsumismoa harro-harro bultzatzen den aldi berean prekarietatea eta bazterketa inoiz baino gehiago zabaltzea. Hori dela eta kalera irtetearen beharra dugu. Txirrinka ekimenak aukera ezin hobea eskeintzen digu lurraren alde eta azpiegituren aurka mugitzen ari direnen arteko sarea indartzeko eta jendarte eredu berri baten alde ari garenok bat egiteko. Zure taldearekin txanda bat osatu, bizikleta hartu eta borrokaren lekukoa eskuz esku pasatu.
Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu eta AHT zein azpiegitura txikitzaileak borrokatu!
Informazio geiago: Txirrinka 2016