Kaixo!
Komite Internazionalistetatik, beste behin, gure eskerrik zintzoena bidali nahi dizuegu, norbanakoei, kolektiboei eta azken finean, hamarkada hauetan gure bidaideak izan zareten guztioi. Zuoi esker, duela 7 urte aurrerapausoa eman ahal izan genuen, eta Zirika! Herrigunea proiektua abiatu genuen. Urte batzuk eta gero, zuetako askok, bai kolektiboek eta norbanakoek, adreiluz adreilu espazio honen baldintzak hobetzen, eta amesten genuen tokia eraikitzen lagundu zeniguten. Guretzat, ezinbestekoa izan zen zuen laguntza eta Zirika! herri gunea bezalako tokien beharra agerian jarri zenuten.
Babes kolektiboa funtsezkoa izan zen Zirika! Herrigunea proiektua sendotzeko, eta irudimen politikoaren eta komunitatearen zerbitzura mantendu zedin.
Jakingo duzuenez, naiz eta orain berriro zabalik egon arren, gaur egun bizi dugun egoera dela medio, aldi batez Zirika! herri gunea itxita egon da, baina autogestioa ardatz duen gure apustu internazionalista, feminista eta antikapitalista, bere horretan dirau.
Zirika! herri gunea bizirik dirau, herri mugimenduen zerbitzura, ideiak elkartrukatzeko eta konspiratzeko tresna bezala, bestelako Euskal Herria eta bestelako mundu bat posible dela pentsatzen dugunon topalekua. Zuen eskura dituzue bertako azpiegitura, liburuak eta finean daukagun material guztia, herri topaleku honetan jarduera eten ez dadin. Laster, bertan elkar ikusi eta besarkatuko dugu berriro, bilerek, eztabaidek eta hausnarketek bere lekua hartuko dute, eta bertan jarraituko dugu bizitza komunitarioa eraikitzen eta suspertzen.
Horrela izaten jarrai dadin, geldialdi honen ondoren, gure bizitza-espazioak berreskuratzen ditugunean, laguntza eta elkartasuna beharko dugu berriro indarrak hartzeko.
Horregatik, zuongana jotzen dugu, elkarte, bazkide, lagun eta konplizea zaren hori, derrigorrez pertsiana jaitsi behar izan dugun denbora luze honen ondoren, premiazkotzat jo dugun bazkide kanpaina berri honetan lagun gaitzazun.
Gutun honen bidez ere, zuen lagun, senitarte eta ezagunen artean bazkide kanpaina hau zabaltzen animatu nahi zaituztegu, Zirika! Herrigunea bizirik mantendu dadin.
Badakizu, bazkide izanez gero, Zirika!n egiten diren jardueren inguruko informazioa jasoko duzula, eta %5eko beherapena izango duzula bertako liburuetan.
Bazkide izan nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan posta elektroniko honen bidez: kibilbo@herriak.org, edo deitu 699687087 telefonora (10:00 – 14:00) eta azalduko dizugu nola egin.
Zinez eskertu nahi dizuegu zuen laguntza eta babesa, animo!.
Guztion artean Zirika! eraikitzen dugu.
Osasuna eta errebeldia!