Pompeu Fabra "katalan batuaren" sortzailea
Pompeu Fabra (1868-1948), katalanaren eredu estandarra sortu zuena, Bilbo eta Begoña herrietan bizi izan zen XX. mendeko hasieran urte batzuetan. 1902an, Bilboko Ingeniaritza Eskolako kimikako katedra irabazi zuen oposizioen bidez. 1902ko irailaren 5ean Sarrian ezkondu zen Dolors Mestrerekin, ikasturtea hasi baino lehentxeago. Geroago bikotea Bilbon eta Begoñan bizi izan zen 10 urtez, eta hiru alaba izan zituzten han: Carola (1904-1998), Teresa (1908-1948) eta Dolores (1912-1993). Nahiz eta Kataluniatik urrundu zen, hamar urte haietan filologiarako dedikazioa areagotu egin zuen. 1912an, Bilboko Unibertsitateko katedra lortu ondoren, lanpostua utzi eta Kataluniara itzultzea erabaki zuen. Fabratarrak ez ziren Bartzelonan kokatu, Badalonan baizik, alaba Teresagatik, osasun ahula baitzuen, eta medikuek itsasoko bainu ugari hartzeko gomendatu zizkioten. Pompeu Badalona hiritik erraz joango zen unibertsitatera eta Institut d'Estudis Catalans-eko lantokira. Gainera, Begoñan bizi izan zenetik, Fabrari hiri txikiagoetan bizitzea gustatzen zitzaion, hiriburuetako aglomerazio handietatik urrun.
Bilbon eta Begoñan (Santutxun) bizi izan zen (1902-1912)
Pompeu Fabrak idatzitako gramatika osatuena 1912an argitaratu zuen, hau da, Begoñan bizi izan zen azken urtean. Beraz, Fabrak Begoñako errepublikan idatzi zuen "katalan batua" finkatzeko sortutako gramatikarik osatuena.
David Palomak eta Mònica Montserratek Ruta Pompeu Fabra Prada / Bilbao liburuan azaldu zuten Begoñako helbidea hau zela: "Santa Clara, 6, 1r pis, (G.U.)." Baina garai hartako Begoñako Santa Klara kalea ez zen gaur egunean Bilboko Santa Klara kalea dena, Zabalbide baizik. Begoñako Errepublikako Santa Klara kalea Zabalbide kalearen jarraipena bihurtu baitzen, Bilbok Begoña 1925ean anexionatu zuenean. Gutxi-gora-behera Santutxu kalea orain hasten den tokian hasten ziren orduko Begoñako lurrak (frontoi bat zegoen gertu), Hor hasten zen Begoñako Santa Klara kalea ere. Horretaz konturatu zen Joseba Sarasola matzorria Eulalia Abaituaren "Begoña 1900" liburua aztertuta.
Non zegoen "Santa Clara, 6" helbidea?
Garai hartan "Santa Clara, 6" helbide horretan Orue jauregia zegoen, eta Pompeu Fabraren familia lehen solairuan bizi zen. Urte dezente geroago (Fabra Kataluniara itzuli eta 25 urtera, 1937 eta 1942 urteen artean), etxe hori emakumeentzako kartzela bihurtu zuten, gerra ondoko errepresio frankistaren ondorioz atxiloketa masiboak izan zirenean. Geroago etxe txalet hura "Santa Marta klinika" izan zen, 1970eko hamarkadan etxea eta bere inguruko lorategia guztiz urbanizatu zuten arte. Orube hartan etxebizitza ugari eraiki ziren Santutxuko Remigio Gandasegi kalea eta Fagoaga Tenorea kalea sortu zirenean. Kasualitatez, kale horiexetan kokatu zen Karmelo ikastolaren zati bat 1978tik 2014ra arte, Orue jauregian egon zen tokian bertan, gutxi gora behera. Beraz, hizkuntza minorizatuak berreskuratzeko ekinbideekin: toki horretan lan handia egin zuen Fabrak katalana berreskuratzeko, eta, kasualitatez edo, toki horrexetan 66 urte geroago, 1978tik 2014ra bitarte, lan aitzindaria egin zuen Karmelo ikastolak Santutxun euskara berreskuratzeko.
Kataluniako David Paloma-k eta Mònica Montserrat-ek, Espai Pompeu Fabra elkartekoek, Ruta Pompeu Fabra. Prada / Bilbao liburua idatzi zuten 2018an, Biografia moduko liburuan Pompeuk bizitzan zehar egin zuen ibilbide akademiko eta geografikoa deskribatzen dute. Liburuan azaltzen dute Henao kalean bizi izan zela eta geroago Begoñan ere bai. Azken urteetan ibilaldi turistiko kulturalak antolatu dituzte Bilbon, toki enblematiko horiek azalpenekin erakusteko (katalanez ere bai). Baina ez zekiten non zegoen Begoñako etxebizitza hori. 2023ko Santa Klara 6 helbideko etxea ez zen XX. mendeko hasierakoa, ezta pentsatu ere!
Udal-artxiboetan aztarrika askatu da korapiloa
Alex Urkaregi eta Esteban Kadarso matzorriek, Bilboko Udal Fitxategietan aztarrika, datu hauek aurkitu zituzten 2022ko udazkenean:
- Hauteskundeen errolda. Bizkaiko probintzia. Begoñako Udala. 1902koan 4. orrialdean (6tik), 313 zenbakiarekin azaltzen da Orue Jauregui, Juan, 67 urtekoa, eta ggarrantzitsua dena helbidea hau zen: "Santa Klara, 6".
- Juan E. de Orúe y Jauregui-ren eskela. "Begoñan hil zen atzo, 1924ko urtarrilaren 16an, 89 urte zituela". "Dolua jasotzen da, hilotza eramateko, hileta-etxean, Santa Klara kaleko 6an, txaletean, eta hileta-elizkizunetarako, jaso eta agur ematen zaio elizan".
- Hedabide lokaletan Orue txaleta eta Santa Marta Klinika helbide horrekin lotzen dira. 1) Bilboko Orue Txaletean preso egon ziran emakumeak gogoratu ditue - Uriola.eus 2022-11-28) 2) Género y represión franquista en Bilbao: el chalet Orue. (DEIA, 22/11/26). 3) Bilbao rescata del chalet Orue a sus 11 ‘rosas’ - Onda Vasca
Erreferentziak
- Miracle, Josep. (1967). Vida de Pompeu Fabra. Bruguera, 89 or. ISBN B 40197-1967..
- Paloma, David; Montserrat, Mònica. (2018). Ruta Pompeu Fabra Prada / Bilbao (PUBLICACIONS). rutapompeufabra.com (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
- Artola Zubillaga, Xabier. (2020-07-16). Mediterraneo usaina – blogoetak. (Noiz kontsultatua: 2020-07-17).
- Ruta Pompeu Fabra Bilbao. rutapompeufabra.com.
- Abaitua Allende-Salazar, Eulalia.. ([2005]). Begoña 1900 : errepublika eta santutegia = república y santuario : [exposición. ] Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa = Museo Arqueológico, Etnográfico e Histórico Vasco ISBN 84-933868-1-2. PMC 433624862. (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
- «Orue txaleta emakumeen kartzela ere izan zelako - Santutxu - 2017-11-29» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
- Fernández, J.. (2022-11-26). «Bilbao rescata del chalet Orue a sus 11 ‘rosas’» Deia (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
- (Alemanez) MUJERES ASESINADAS EN LA GUERRA DEL 1936. (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
- Pompeu Fabra. Euskal Wikipedia.
Irudien jatorria album honetan azaltzen da: Pompeu Fabra Begoñan (Flickr)