LAB-ek Eusko Jaurlaritzak mendeko pertsonei laguntzak ukatzeko asmoa duela salatu du

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2014ko mai. 14a, 08:00

egunerokoeio.blogspot.com
Eusko Jaurlaritzak baldintza berriak jarri nahi ditu mendeko pertsonak zaintzen dituztenek zailagoa izan dezaten diru-laguntzak eskuratzea. Horretarako, eskatu nahi dute zaintzaileak mendeko senidea urtebete artatu izana eskaera egin baino lehen. Orain gertatzen ez dena.

Oso neurri larria da, Eusko Jaurlaritzaren sentiberatasun eza ongi baino hobeto erakusten duena. Dependentzia egoera onartzen zaion pertsonak eskubidea izan beharko luke lehen unetik jasotzeko prestazioak edo zerbitzu publikoak haren egoera edo beharren arabera.

Eusko Jaurlaritza gezurretan dabil. Alde batetik dio pertsonak bere jardueraren erdian daudela, “Etxean Ondo” programa saltzen digu pertsonak haren etxean egon daitezen ahalik eta denbora gehien. Baina bestetik, guztiz kontrako bidea darama. PNV proposamen honekin atzera egiten ari da mendeko pertsonen eskubideetan. Hobeto bizi ahal izateko zerbitzuak eta prestazioak ukatu nahi dizkie, senideen doako lanaren eta ahaleginaren kontura, batez ere, emakumeak, beste behin ere laguntzarik gabeko zaintza lanak egitera kondenatuak.

LAB-ek salatu egiten du Eusko Jaurlaritzaren lotsagabekeria. Ez omen dute arazorik AHT-ren dirua aurreratzeko. Ez ikusiarena egiten dute eskrupulorik gabeko enpresak gastuak puzten dituztenean aberasteko diru publikoarekin. Enpresariei dirua barra barra oparitzen die lan prekarioen aurka. Eta hala ere, mendeko pertsonei aurrekontuak eta laguntzak ukatzen dizkiete.