Bi lanuzte eta elkarretaratze egingo dira Euskal Herri mailan, lehenengoa Bilbon, 14:15etan, Buenos Aires kaleko zentralean; eta bigarrena, 14:30ean, Donostiako Amarako zentralean, Sagrada Familia kalean.
2008. urteko Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioa hasi zenetik, 2010. urteko luzapenetik pasatuz (huts egin zuena) eta 2011. urteko hitzarmenera bitartean, “Telefonicako Enplegu Kontratuaren” eraldatzea dakarten lan eta soldata baldintzen aldaketa funtsezko eta erradikalaren aurka aritu dira Telefonicako langileak, arrakasta gazi-gozoak eskuratuz.
Ordundik hona, eta enpresak inposatutako negoziazio iraunkorraz baliatuz, “eraldaketa” prozesuak nabarmen egin du aurrera, CC.OO. eta UGT sindikatuen ezinbesteko laguntzaz, sindikalgintza ez-ofizialaren ezintasuna agerian utziz erasoaren adineko erantzun-estrategia bat eratzeko orduan. Azken urte honetan, ziztu bizian ari da gauzatzen aipatutako eraldaketa; eraldaketa erraz antzeman dezakegu hain tristeki entzutetsu bilakatu diren Negoziazio Iraunkorrerako mahaietan hartutako erabakietan: lan-sailkapena, funtzio-aniztasunari buruzko 2013. urteko uztaileko akordioa, disponibilitateak, lanorduen luzapena, berregituraketak, probintzia mugakideetan lana, lanen burutzearen jarraipen eta kontrol banakakoa, oinarrizko soldata, antzinatasuna, lan-kategorien bat egitea, osasun-arreta, eta abarrak…
Aipatutako alde batzuk “negoziazio iraunkorraren” bidez inposatuak izan ziren, baina 2012. urtean enpresak taktika berri bati ekin zion: “negoziazioa” egin beharrean, Operazio-Batzordeari “derrigorrezko disponibilitateak” martxan jarriko zituenaren berri eman zion.
Telefonocako langileek diotenez guztiak dira euren lan-baldintzen eta lan-harremanen okertzearen jakitun; argi eta garbi esan beharra dago Enpresak eta bere kideek hartutako akordioen ondorioa dela euren gaurko egoera; edonola ere, ez dute arreta galdu behar: hainbat atal negoziatzeko daude oraindik, haien baldintzak are gehiago okertu ditzaketenak: TMErekin bat egitea….
Gaur egun bizi duten egoera, neurri handi batean behinik behin, badu jatorri argia: 2013/05/30an Enpresaren zuzendaritzak Operazio Batzordearen baitan aurkeztu zuen eraldaketa eragilea idazkia, hain zuzen ere; gerora, 2013/06/07an, CI delakoan aurkeztuko zuena disponibilitate, lan-taldeak eta ibilgailuen erabilerarako jokabide arauekin batera.
Eraldaketa eragile delako honi buruz ez da inolako eztabaidarik egin, ez du onarpen sindikalik jaso, ez CI-an ez eta probintzietako Kudeaketa Batzordetan. Ekarriko dituen ondorio larriak ekidite aldera haien indarrak batzeko beharra azpimarratu dute langileek: ez gara soilik epe motz eta ertain aldera gure lanarekiko izango duen eraginari buruz ari, baizik eta Euskal Herriko eta Estatu Espainiarreko enplegua kolokan jartzeari buruz.
Hauek dira eraldaketa eragilearen hainbat atal:
- Probintzia mugakideetan lan egin beharra.
- Guzti guztiontzat “disponibilitate” derrigorrezkoak.
- Kategoria ezberdinen eginbeharren ezartzea, Lan-Sailkapenerako akordioan sinatu eta hitzegindakoa bertan behera utziz.
- Norbanako produktibitatearen jarraipen publikoa: “coaching” diote, “lan jazarpena” da.
- Malgutasuna: ordutegia eta kokapen geografikoari dagokionean: enpleguaren murrizketari ateak ireki.
- Ibilgailuei dagokionean, Lan Arautegiaren ordez, Enpresak inposatutako “Kode Deontologiko” antzeko baten inposatzea
- Lan-Zentruen bateratze eta birkokapena.
- Soldata Egitura aldatuz, Lan txandak kenduz, Soldata gastuak gutxitu.
Guzti honen aurrean, LABek eta CIGak gaurko lanuztearekin eta orain arteko mobilizazioekin salatu nahi dute, gaur egun ezagutzen dituzten lan eta soldata baldintzak eraisteko eragiketa bakar baten aurrean dauela. Hauxe da gakoa; eta, hori dela eta, enpresaren asmoen aurka borrokatzeko modurik eraginkorrena mobilizazioa da, etengabeko mobilizazioa. Enpresak, sindikatu negoziatzaileen laguntzarekin –CC.OO, UGT, STC/UTS- inposatutako “gerrilla-borroka” estrategiari erantzuna emateko.
Beraz, langile guztiei deia luzatzen diegu borrokan jarduteko, informazio eta parte-hartze eskubideak aldarrikatzeko. Oraindaino, etorkizunerako aktibitateari buruzko informazioa ukatzea izan da bai Telefonicaren, bai CCOO-UGTren zeregina gurekiko, egitura berriaren salaketak isilaraztea, Euskal Herrian langile kopurua handitzearen aldarrikapenari muzin egitea…
Telefonicako langileen aldarrikapena Euskal Herriko Telefonican enplegu plana egitea izango da. Eta horren baitan hainbat puntu lantzea:
-Euskal Herrirako aurreikuspena: aktibitate, lan-talde eta buruzagitzak. - Lan-taldeen kokapena herrialde, eta herriak zehaztuz. Leku hauetan beharrezkoa den langile kopuruaren zehaztapena.
- Langileen lekualdatzea Euskal Herrira bideratzea. Kontratu berriak Euskal Herrian.
- Euskal Herria, lurralde eratzaile berezkoa.