uriola.eus

ELA eta LAB: "Kutxabankeko hamarna milaka kreditu-kontu eta mailegu putre-funts bati salduko dizkiote"

Erabiltzailearen aurpegia   Ekonomia-Lana
Ekaineko Batzar Nagusien ondoren, Kutxabankek aktibo multzo handi bat (kreditu‐kontu eta bezeroei emandako maileguak) salduko dio putre‐funts bati.

Sekretupean, eta zuzenean eragindako pertsona eta erakundeei informaziorik eman gabe, egiten ari diren operazioaren ezaugarri nagusiak honakoak dira:

• Kutxabankek kobratzeko zail gisa sailkatu duen aktibo multzo bat salduko du. Espainiako Bankuak derrigortu egiten du honelako maileguak 12 hilabetean guztiz hornitzera, eta ondorioz aktiboak balantzean zuzkituta daude, kasu askotan %100ean. Honek esan nahi du Kutxabankek, bere emaitza‐kontuan, dagoeneko galeratzat jo dituela, benetan haiek ‐guztiz edo zati batean‐ berreskuratzeko aukera badagoen arren. Kutxabanken mailegu berreskurapen indizea oso altua da.

• Putre‐funtsak finantza‐funtsak dira, eta beren espezialitatea ahalik preziorik txikienean aktibo finantzieroak, zorrak, enpresak edo higiezinak erostea da, hauek saldu eta kudeatuz etekin itzelak lortze aldera. Erosketa honetan irabazteko aukera Kutxabanki albait gutxien ordaintzean datza, gero bezeroei kreditu horien zatirik handiena kobratuz. azken urteetan espainiar estatuko banku handiek egin dituzte orain Kutxabankek egin nahi duen antzeko operazioak.

• Kutxabankek epe laburrean diru‐sarrerak izango ditu, baina aktibo berankor horiek normal kudeatuz izango lituzkeenak baino askoz txikiagoak. Likidezia eta berankortasun indizeak ere hobetuko dira, baina etorkizuneko galera handi horren truke.

• Orain arte Kutxabankekin mailegu bat izanik berarekin hartuemana zutenek aurrerantzean putre‐funts bati lotuta egongo dira. Gauza jakina da, eta Kutxabankeko zuzendaritzak ere badaki, funts hauek jokabide mafiosoetaraino ere iristen direla batzutan.

Zer esan nahi du honek?

Demagun (erabakitzen duten pertsona gutxiren artean informazio eta gardentasun eza nagusi denez) kreditu‐kontu eta mailegu horiek guztiak Kutxabanken aktiboan 100eko balioa dutela; bezeroek Kutxabankekiko duten zorrak dira, kontratuan finkatutako baldintzen arabera ordaintzen direnak.

Zor hauek %100eko zuzkidura dute; hots, Kutxabankek azken ekitaldietan bere etekinetatik behar beste diru kendu du kontratu horiek ordaindu gabe geldituz gero balantzeetan inolako gorabeherarik izan ez dadin.

Bada, 100eko balioa duten aktibo hauek putre-funts bati salduko dizkiote, 10eko prezioan; horrek esan nahi du merkeegi salduko direla. “Pelotazo” finantzario honen onura izango duten putre-funtsak 10 inbertituta adibidez 60ko diru-sarrera poltsikora dezake, eta horrenbestez, 50eko irabazia. Hau hamarna milaka operaziorekin eginez gero, Kutxabankek kalte nabarmena pairatzen du.

Gure iritzia

Operazio honetan kopuru izugarriak mugi daitezke. Gure informazioen arabera, Kutxabankekin fidatu diren hamarna milaka bezeroren aktiboak salduko dira. Negoziazioak sekretupean egiten ari dira, eta ia bukatuta daude. Noski, halako mauka finantzarioa eskuratuko duenak, putre‐funtsak, bere eskariak egingo ditu bere negozio‐zorroa gizentzeko, operazioan ahalik errentagarritasun handiena ateratze aldera.

Agian aktiboen kitapen hau ez da mailegu hipotekarioetara hedatuko, kreditu hauek berme hipotekarioa duten aldetik, baina negoziazioa hain sekretua denez eta etorkizunean beste salmenta batzuk etor daitezkeenez, hau ezin da erabat baztertu.

Epe laburreko operazio honekin Kutxabankek etekin bat lortuko du, baina epe ertain eta luzeko irabazi askoz handiagoak alde batera utziaz.

Bestalde, Kutxabankengan honek ez dauka soilik eragin monetario hori. Izan ere, putre‐funtsari Gizarte ekintzara eta enpresa nahiz pertsonen maileguetara bideratu beharko liratekeen diru‐sarrera batzuk opari emango bailizkioke, horrela euskal ekonomiari galera larria eraginez.

Operazioak beste ondorio sozial latz batzuk izango ditu, eta Kutxabanken irudiari erasango dio. Salmenta burutu orduko, kontu horien kudeaketa putre‐funtsaren eta bere praktika mafiosoen esku izango da. Kontratua Kutxabankekin itxi duten bezeroek (zeinek ez duten informaziorik jaso, eta ez dituzten kontsultatu) ikusiko dute bankua ez dela euretaz arduratzen eta haren ordez funts harentzako lan egiten dutenek “artatuko” dituztela. Kutxabankeko bezeroen datu konfidentzialak ezertarako eragozpenik ez duten espekulatzaileek ustiatuko dituzte.

Bezeroen kexuek eta haserre logikoak areago okertuko dituzte Kutxabankeko enplegatuen lan‐baldintzak; hauek eman beharko dute aurpegia beste batzuk hartutako erabakiengatik (hauek ez baitira bankuan egongo, eta berenganaino iristeko aukerarik ere ez baita izango).

Honek ematen du neurria Kutxabank zein eratako finantza‐erakunde izatera eraman nahi duten; banku pribatu komertzial hutsa, alegia. Horretarako pribatizatu nahi dute. Izan dadin ez zerbitzu publikoa eskaintzen duen bankua, baizik banku pribatuen ohiko praktikak garatzeko ondo olioztatutako makina. Hau da biderik egokiena berandu baino lehen Kutxabank merke‐merke edozein nazioarteko bankuren eskutara pasa dadin.

Estrategia hau kosta ahala kosta Kutxabanken irudia kaltetzea erabaki dutenek bakarrik marraz dezakete, horrela nazioarteko banku handien esku uzteko; eurek badakite BBK eta Vitaleko ekainaren 30eko batzarren ondoren Kutxabank pribatizatu eta Kutxak likidatzeko funtsezko urratsa emateko misioa beteta izango dela.

Arrazoi horiengatik, honakoa eskatzen dugu:

• Amaiera eman diezaiotela, eta atzera eragin, Euskal Kutxak pribatizatu eta bankarizatzeko prozesuari.

• Legez berma dadila Euskal Kutxen izaera publiko eta soziala, eta hau ziurtatuko duen euskal finantza‐sistema publiko bat sor dadila.

• Ekainaren 30ean, BBK eta Vitaleko administrazio‐kontseiluei publikoki eta idatziz eskatu diegun moduan, batzarreko gai‐ordenetik bederatzigarren puntua kentzea, Euskal Kutxak Banku‐Fundazio bihurtzeari buruzkoa alegia.

• Berehala eman dezatela dimisioa Kutxetan eta Kutxabanken, kargu politiko eta profesional direla ere, estrategia antidemokratiko eta golpista hau inposatzen ari direnek, eta Kutxetan‐Kutxabanken gordailutan utzitako baliabide komunitarioak xahutzen dutenek, espekulatzaile, mafioso eta akziodun pribatuei emateko.

• Bestelako erabakiak hartzeko garaiz gabiltza, euskal kreditua eta aurrezkia sozializatze aldera, kutxen izaera publiko eta soziala indartuz, finantzaerakunde gisa mantenduz eta euskal ekonomia eta jendartearen zerbitzutan egingo den kudeaketa demokratikoaren bidez.

Batzarkideentzako deialdia

Bereziki dei egiten diegu ekainaren 30ean BBK eta Vitaleko batzarkide direnei, 150 urteko historian hartu den erabakirik garrantzitsuena hartuko baitute, konplize ez daitezela izan honako ez egitekoetan:

• Batzarren funtzionamenduan demokraziari eman dioten astindua, batzarkideak derrigortu nahi baitituzte administrazio‐kontseiluaren proposamenei baiezko botoa ematera.

• Frankismotik hona euskal jendarteari eragin dioten baliabide komunitarioen espoliazioarik handiena.

 

ELA eta LAB sindikatuak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa