Ikastoletako lan hitzarmenaren defentsan elkarretaratzea egingo du LABek bihar

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2014ko uzt. 7a, 14:00
ELAk aurkeztutako inpugnazioaren atzean sindikatu horren interes propioak eta propaganda mediatikoa lortzeko helburua ikusten ditu LABek.

Sindikatuak jakinarazi du ELAk epaitegian sartutako Lan Hitzarmenaren inpugnazioa dela eta, uztailaren 8an Bilboko Epaitegietan (Barrueta Aldamar kalea), goizeko 10:00etan, saioa burutuko dela.

LABetik Jakin badakite, "ELAk sartutako inpugnazio horrek ez duela inongo ondorio praktikorik izango" eta "zaila egiten zaie" ELAren jarduna eta ekintza sindikala ulertzea.

Beraz, horren aurrean, ondorengo adierazpenak egin dituzte:

"LAB sindikatuak beti izan ditu lehentasunak oso garbi, eta hemen berrestera gatoz hauek direla gaur egun ere gure jardun eremuko helburu behinenak: langileen lan-postuak mantentzea, eskubide laboralak defendatzea, PPren Lan Erreformaren ondorioak indargabetzea, Ikastolaren izaera parte hartzailean sakontzea, langileen eskubideak bermatzeko finantziazio publikoa lortzea, LOMCEri aurre egitea eta Euskal Herriko Hezkuntza Sistema eraikitzea. Horiek guztiak aintzat hartuta hitzartu genituen, EAEko ikastoletako akordioa eta Lan Hitzarmena.

Gogora ekarri nahi dugu, bestalde, akordio horrek ikastolen %98aren babesa jaso zuela, bai ikastolen titularren aldetik, baita langileen aldetik ere, horien artean ELAko zenbait ordezkari eta afiliatu, ez gutxi ere, bazeudela ahaztu gabe.

LAB sindikatuaren ekintza sindikala egunerokotasunean sortzen diren oztopoei aurre egitean eta irtenbide duin bat ematean oinarritzen da. ELAren jardunak, berriz, propaganda mediatikoa lortzera eta Hauteskunde Sindikalei begira bideratuta dagoela ematen du, sindikatuaren interesetan bere indarrak xahutuz eta langileen interesen aurretik jarriz.

Oso modu harrigarrian, jarri duen inpugnazioa bi atal nagusi hauetan oinarritzen du ELAk:

1.- Lan Hitzarmeneko Bitariko Batzordearen funtzioetan.

2.- Batzorde horretan lorturiko akordio ekonomikoan.

Ezinaren erremina agerian utzi du ELAk, nahiago izan duelako epaitegiko bidea hartu bere ideia eta proposamenak dagokion tokian defendatzea baino. Bitxia ere bada, baina Mahai Negoziatzailearen azken bilerara ez zen agertu, eta horrek erakusten du bere ahultasunaren eta negoziatzeko gaitasun ezaren neurria.

Hala ere, jakinarazi nahi dugu, ikastolek Lan Hitzarmeneko Bitariko Batzordean adostutako akordioa askatasunez ontzat eman, eta bakoitzaren egoera eta beharren araberako akordioak berretsi zituztenez, ELAk sartutako inpugnazioak ez duela inongo ondorio praktikorik izango".

Bihar, uztailak 8, epaiketa saioa ospatuko dute. Gauzak horrela, sindikatutik dei egin dute, 09:30ean, Barrueta Aldamar kaleko epaitegien aurrean "Gure lan hitzarmenaren alde" lelopean egingo den elkarretaratzean parte hartzera.