uriola.eus

"Lana eta familia bateragarri egiteko laguntzarik gabe Jaurlaritzak langileak erasotzen ditu"

Erabiltzailearen aurpegia   Ekonomia-Lana

Eusko Jaurlaritzak onartu egin du lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak agortu egin direla, noiz eta oraindik lau hilabete falta direnean urtea amaitzeko. Hortaz, langileak diru-laguntzarik gabe geratuko dira seme-alabak, mendeko pertsonak edo osasun egoera larrian daudenak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu behar dutenean.

Hau da Eusko Jaurlaritzaren politika sozialaren beste ondorio kaltegarri bat. Beste behin ere noiznahi erabiltzen duten “konpromezua pertsonekin” delako leloa propagandarako amarru hutsa bihurtzen da, langileon bizi kalitatearen eguneroko okertzea estali ahal izateko. Adibideak begi bistan daude: azken lau urteotan lana eta familia bateragarri egiteko aurrekontua 35-etik 17 miloi eurora murriztu egin da, pertsonek 6 hilabete baino gehiago jasan behar izan dute diru-laguntzak jaso aurretik, diru-laguntzen izoztea azken urteotan, zaintza behar dutenen pertsonen arreta bermatu beharko luketen errekurtso sozialen garapen eza...

Neurri guzti hauek larritu eta zaildu baino ez dituzte egiten langileen aukerak bizitza pertsonala, lana eta familia batera eramateko orduan. Eta horri gehitu behar diogu lan munduan nagusi diren prekarietatea, ordutegien malgutasunaren inposizioa, soldaten apaltzea.... Ondorioak nabariak dira: estresa, sufrimendua eta gainkarga ekonomikoa langileentzako. Laneko prekarietatea eta murrizketa sozialak, patronala eta Eusko Jaurlaritza, biek eskutik pertsonen ongizatearen aurka.

Beraz, LAB sindikatuak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari berehala zabaltzea diru-partida hau lana eta familia bateragarri egiteko diru-laguntza hauek eskatzen dituzten langile guztien eskubidea bermatzeko. Eta horrekin batera, LABek azaldu nahi du badela garaia politika sozial berri bat martxan jartzeko kontziliazioari begira bestelako oinarrien gainean: diru-laguntzen unibertsaltasuna, pertsonen eskubideen zerbitzuan fiskalitate berri bat, egungo lan baimenak eta programen berrikusi irizpide berdinzaleen arabera, zaintza lanen balorazio soziala eta kontziliazioarako zerbitzu sozial publiko baten garapena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa