LABetik irmoki defendatu dugu beti, batez ere langileok igande eta jaiegunetan deskantsatzeko dugun eskubidea, baina haratago joanez gure herri eta hirietako merkataritzako sektorearen jasangarritasunaz eta gizartearen kontsumo modeloaz ere hitz egiten ari gara. Euskal Herriko langile, merkatari elkarte eta kontsumitzaileek argi dute irekiera hauek merkatal kate haundien mesedetan baino ez direla izaten eta enplegua sortu ordez, komertzio txikiak ixtera (Madrilen komertzioen ordutegien liberalizazioarekin gertatu den bezala) eta gelditzen diren lanpostuen prekarizaziora garamatza (lanorduen handitzea, komertzioko langileen aisia lagun eta senitartekoekin uztartu ezina, aste osoa enpresaren zerbitzura egotea...).
Honez gain, neurri gabeko kontsumora ere eraman nahi gaituzte, kontuan izan gabe gainera, prekarietatea eta murrizketen ondorioz langilegoaren kontsumo-ahalmena murrizten ari dela.
Bestalde, ez dago egun gehiagotan irekitzeko ezta ordutegiak luzatzeko beharrizanik, kontsumitzaileek dagoeneko erosketak egin ahal izateko ordutegi zabala bait dute eta hemengo ohiturekin bat datozelako. Era berean, alde batzuetatik (Bilboko alkatetza kasu) turismoa areagotu eta honek utzitako mozkinak handituko direla ere entzun izan dugu, guk hau erabat gezurtatu nahi dugu datuek erakusten baitigute gurera etortzen den turismoa ez datorrela erosketak egiteko asmoarekin eta aitzakiatzat erabiltzen diren egun puntual batzuk (beste helburu batzuekin datozen Basket-eko mundialeko zaleen kasuak adibidez) ezin dituzte langileon eskubideak baldintzatu.
Salatu nahi dugu ere, Madrildik inposatzen dizkiguten merkataritzako legediak ez daudela euskal jendarte eta merkatariek betidanik izan dituzten ohitura eta eskubideen gainetik eta gurean hori defendatzeko exijitzen diegu euskal instituzioei, gizartearen mesedetan legedia erregulatuz.
LABetik merkatal zentro handi eta kateen etengabeko eraso kapitalisten aurka borrokatzen jarraituko dugu eta horretarako merkataritzako langileen babesa ezinbestekotzat dugu.