LAB sindikatutik positiboa ikusten dugu Udaletik lehen aldiz zerbait planteatzea, udaletxeko obretan gertaturiko istripuetan ere (udaletxeko anpliazio lanetan gertaturiko istripu mortala kasu) ez baita aurrerapausorik eman udal korporaziotik.
Hau esan ostean, uste dugu ezin dela gelditu deklarazio eta kontzentrazioak egitean soilik, baizik eta, beharrezkoak direla osasun edo biziaren galera saiestuko duten lan eta enplegu baldintzak bermatzea. Beharrezkoa da hainbat obra eta zerbitzuren promotorea den horrek (Udala zein diru publikoa erabiliz enpresa pribatuak izan) egiten diren obretan ondorengoak bermatzea: epe egokiak, hitzarmen probintzialaren mantentzea, kate-subkontratazioaren limitazioa, prekarietateari aurre egitea, enplegua bermatzea, segurtasun eta osasun plan errealak egitea, neurri prebentibo efikazak hartzea, segurtasun eta osasun koordinatzailearen papera, etab. Eta baldintza guzti horiek bete daitezen neurriak jarri behar dituzte.
Bilbon egiten ari diren obretan ematen diren irregulartasunak ezagutuz eta laster Zorrotzaurren egingo den obra dela eta, LAB sindikatutik, Udaleko talde politiko guztiekin batzartzea eskatu genuen, klausula sozialak direlakoetan aurrerapausoak emateko helburuaz. Talde politiko guztiekin batzartu ginen, PPrekin izan ezik gure gonbitea errefusatu zuelako. PNV eta PSOE-PSEk Gipuzkoan onartutako klausula sozialak ez zuela balio juridikorik erantzun ziguten, mahai gainean inolako alternatibarik jarri gabe eta beste ezer erantzun gabe.
Gainera EH Bilduk klausula sozialen inguruan aurkeztutako mozioa ez zen aurrera atera PNVk aurkeztutako emendakin baten ondorioz. Emendakin hura PNV eta PPren bozkei esker onartu zen. Emendakin horrek ez zekarren inongo klausula sozialik eta hitz ederrez beteriko adierazpen batera mugatzen zen, gai honen inguruko inongo konpromisorik hartu gabe.
Guzti honegatik, pauso bat haratago ematea eskatzen dugu, alde batetik abian diren lanen jarraipena egiteko mekanismoak inplementatuz eta bestetik klausula sozialak ezarriz eta enpleguaren kalitatea bermatuz, Bilboko Udala atzean dagoen obretan aurrerapausoak eman daitezen eskatzen dugu. Espero dugu elkarretaratze hau inflexio puntu bat izatea, alderdien posizio aldaketa bat klausula soziala berriro hartzeko eta Udaleko Osoko Bilkuran onartuak izateko, eta honela datozen lizitazioetan aplikatzeko. Ezin da onartu “mendeko obra” (honela kalifikatu zuen alkateak) lan baldintzak ezkutuan mantenduz, lan osasuna eta langileen bizitza arriskuan jarriz burutzea.
Hortarako, talde politiko guztiak interpelatzen jarraituko dugu proposamenak egiteko eta behingoz gai honetan aurrera egin dezagun elkartasun adierazpen eta konzentrazioetatik haratago. Ez da kexatzeko unea, soluzioak jartzekoa baizik, lan balditza duinak ziurtatu eta langileon bizitza eta osasunaren galera saiestuko dituzten neurriak ezarriz.