LABek Osakidetzako ospitaleetan egindako itxialdien kanporaketa salatu du

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2014ko ira. 19a, 12:00

Berriz ere, Osakidetzako Zuzendaritzak poliziaren indarra erabili du langileon aldarrikapenak isilarazteko. Atzoko egunean, hilak 18, Gurutzeta, Basurtu, Usansolo, Donostia, Txagorritxu eta Santiago ospitaleetan buruturiko itxialdiak Ertzaintzak desalojatu zituen.

Zoritxarrez, berriro ere irudi penagarriak ikusi ahal izan genituen, brigada mugikorreko poliziak ospitaleetan sartzen eta langileak euren lan-zentroetatik ateratzen. Hauxe da PNVk benetako negoziazioaren, enplegu sortzearen eta osasun publikoaren defentsaren aldarrikapenen aurrean ematen duen erantzuna.

Atzoko argazkia ezin argiagoa da: alde batetik, langileok borrokan eta elkartasuna adierazteko edo parte hartzeko hurbiltzen diren erabiltzaileak, zeinek borrokatzera animatzen gaituzten “lotsagarria delako zein baldintzetan dagoen Osakidetza eta zein baldintzetan egin behar duzuen lan”; bestaldean, negoziazio borondaterik ez daukan PNV alderdia, osasun publikoaren  kudeaketa ezin kaxkarragoa egin eta protestak isilarazteko polizia erabiltzen duena.

Atzoko itxialdiak Osakidetzan burutu daitezkeen mobilizazioen adibide bat baino ez dira. Har dezatela nota Darpon eta Etxebarria jaunek. Atzo 6 ospitale izan ziren, baina Osakidetzako zentro guztiak izan litezke. Zer egingo dute orduan gure protestak isilarazteko?