Euskal Herrian merkataritza libreko tratatu trasatlantikoaren aurka agertu da Gune plataforma

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2014ko urr. 7a, 13:13

TTIP, CETA, TISA eta merkataritza librearen agenda korporatiboa salatzeko Europa mailan sektore anitzeko ekintza egun dezentralizatua egiteko deialdia luzatzen dizuegu. Aldarrika dezagun demokrazia! Egin aurre multinazionalen botereari! Pertsonak eta planeta, etekinen gainetik!

Europako jendarte zibilak, sindikatuek, nekazariek eta oinarriko ekintzaile taldeek ekintza egun baterako deialdia egin dute uneotan negoziatzen ari diren TTIP, CETA eta merkataritza libreko beste hitzarmen batzuk geldiarazteko, eta merkataritza politika alternatiboak sustatzeko, zeinek lehentasun gisa izango dituzten pertsonen, demokraziaren eta ingurumenaren eskubideak.

Europar Batasunaren (EB) eta Amerikako Estatu Batuen (AEB) arteko Merkataritzako eta Inbertsiorako hitzarmen Transatlantikoak (TTIP, ingelesezko siglekin), eta EB eta Kanadaren arteko Hitzarmen Ekonomiko eta Komertzial Integralak (ingelesez CETA) ezin argiago adierazten dute merkataritza eta inbertsioen inguruko negoziazioa antidemokratikoa dela, eta soilik korporazio multinazional handien onerako ari direla eztabaidatzen.

Iritzi publikoari ez zaio ia informaziorik ematen; lobby korporatiboak, aldiz, jakinaren gainean daude. Hitzarmen hauek gauzatzen badira, enpresa multinazional handiek eskubide esklusiboa izango dute gobernuak salatzeko arbitraje­auzitegi pribatuetan (hauek sistema legislatibo nazional eta europarretatik independenteak izango dira).

Gainera, hitzarmen horiek osasun eta segurtasun arloan indarrean dauden estandarrak murriztu egingo dituzte, Atlantikoz gaindiko araudien armonizazioa medio, eta gobernu nazional eta tokikoek praktika kaltegarriak galarazteko duten boterea ahulduko dute, esaterako fracking­ari edota transgenikoen erabileari dagokionez.

Oinarrizko zerbitzu publikoak gutxitu edo pribatizatu egingo dituzte, eta eskubide sozial zein laboralei erasan egingo diete. Politika hauek egungo eredu sozialen eraispenarekin lotuta daude, eta beren helburua oinarrizko zerbitzu publikoak pribatizatzea da, batik bat austeritatearen, krisiaren eta lehiakortasuna hobetzeko ustezko beharraren izenean. Ekintza egunak Europa mailan kalera aterako du gure jarrera: ez gaude ados.

Aipatutako politiken inguruko eztabaida herritarrenganaino eramango dugu; izan ere, Europar Batzordeak eta estatuetako gobernuek prozesu honetatik baztertu egin nahi dituzte herritarrak.

Halaber, kanpaina egingo dugu bestelako politika ekonomikoak egiteko ditugun alternatiben alde. Gure elkartasuna adierazi nahi dugu mundu guztian zehar gure kezkekin (ingurumena, demokrazia eta giza­eskubideak zein eskubide sozialak) bat datozen pertsonekin.

TTIP, CETA, TISA eta antzeko hitzarmenei altoa emango diegu Europa, Kanada eta AEBetako herritarrek salaketa indartsua eginez. Era guztietako banako, erakunde eta koalizioei dei egiten diegu parte har dezaten, Europan zehar ekintza dezentralizatu eta autonomoak eginez. Ongi etorria eman nahi diegu munduko gainerako tokietako ekintza solidarioei, informazioa zabaldu eta tokian tokiko mobilizazioetan parte hartzera bultzatzen duten heinean.

Gunetik hainbat mobilizazio deitu ditugu datozen egunetarako. Urriaren 10ean, goizeko 10:00etan, hitzaldia egongo da La Bolsa eraikinean eta ondoren, Arriagako plazan Merkatu Gardena egingo dute. Egun berean, gai hauen inguruko sentsibilizazio eguna ospatuko da Iruñean.