Pasa den maiatzean Eusko Jaurlaritzak metaleko negoziazioak bultzatzeko konpromisoa hartu zuen LABen aurrean eta ez dute bere hitza errespetatu. Ez dute ezertxo ere egin.
Ondorioz, LABeko kideak Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzara sartu ziren goizeko 11:00etan eta barruan zirela sarrerako atea itxi zieten. Aldarrikapen ezberdinak oihukatu ostean (Langilerik ez hitzarmenik gabe, gaurko borroka biharko enplegua, zuek zarete euskal troika eta hemen bizi hemen erabaki, besteren artean), 11:45 aldera kalean zeuden LABeko beste kideekin elkartu ziren hitzarmenen defentsan konzentrazioa burutuz.
Jonan Goñi, Industria Federazioko kidearen adierazpenak
«Gaurko mobilizazioarekin Eusko Jaurlaritzak metalgintzako negoziazio kolektiboan mantentzen duen ixiltasuna salatu nahi izan dugu.
Pasa den maiatzean Eusko Jaurlaritzak metaleko negoziazioak bultzatzeko konpromisoa hartu zuen LABen aurrean eta ez dute bere hitzik errespetatu. Ez dute ezertxo ere egin.
Confebaskek herri honen sektore garrantzitsuena, bai langile kopuruaren aldetik, bai ekonomian duen pisu eta garrantziagatik, desarautu nahi duen bitartean, Eusko Jaurlaritzak burua makurtu eta ixildu besterik ez du egin.
Argi geratu dena da hemen benetan agintzen duena Confebask dela eta Eusko Jaurlaritza bere morroia eta bere aginduetara besterik ez dagoela.
Nola esan dezake Eusko Jaurlaritzak industria errekuperatzen hasia dela sektoreko langileen lan baldintzak gero eta prekarioagoak direnean? Ez al dute lotsik? Halako baieztapenak egiten dituenean langileen eskubideak bost axola zaizkiola erakusten du. Oso boteretsua den elite txiki baino boteretsu baten interesak baino ez ditu defendatzen.
Confebaski ez zaio enpresetan aplikatuko den hitzarmenik interesatzen. Bestela LABen proposamena onartuko luke, beste sektoreetan iada egin duen bezala. Confebask-entzat metaleko sektore hitzarmenak oztopo bat bilakatu dira enpresetan lan baldintzak gero eta prekarioagoak lortzeko. Horregatik ez du negoziatu nahi.
LAB, gaurko mobilizazioarekin, hain zuzen ere, benetako negoziazioa eman dadin borrokatzen ari da. Tamalez LAB soilik dago beste behin ere. Non daude beste sindikatuak? Dagoen blokeoaren aurrean zein da euren ekarpena? Hauek ere, Eusko Jaurlaritza bezala, patronalaren jarrera harroputz aurrean burua makur eta ixildu besterik ez dute egiten.»