Kanpo oposaketetan euskara eskakizuna jaistea proposatu du Eusko Trenek

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2018ko urt. 30a, 11:17

Eusko Tren

Kontratazio berrietarako gutxieneko euskara gaitasuna B2 izaten jarraitzea ezinbestekotzat jotzen du LAB sindikatuak.

EuskoTrenek 2018. urterako aurreikusita dauden Tailerreko Teknikari eta Gidari Kobratzaileen kanpo-oposaketen euskara gaitasuna jaistea proposatu die sindikatuei. Sindikatuek eskakizun horrekin bat eginez gero, enpresa prest dago adosteko sindikatuekin, eskatuko den euskara maila.

2015ean onartu zen Euskara planean jasotzen da, EuskoTren enpresa publikoko lan postu guztietan gutxienezko euskara maila B2 izan behar dela. Orain, ordea, lan poltsak sortzeko ordua iritsi denean, eskaera horiek berraztertzeko aukera mahaiaren gainean jarri du, lan postu horiei egokitutako euskara eskakizunak gehiegizkoak direla argudiatuta. Gainera, EuskoTrenek sindikatuoi egindako proposamena ez dago irizpide teknikoetan oinarrituta eta sindikatuen eskuetan uzten du egokitzapen hau gauzatzea.

LAB sindikatuan alerta jartzen gaituzte gisa honetako proposamenek. Izan ere, 2016ko apirilean, lehen aldiz EuskoTrenenera sartzeko bi hizkuntza ofizialen ahozko zein idatzizko ezagutza bermatzen zuen kanpo lan-poltsa deialdia eta gero, euskara eskakizun-maila apaltzeko ahalegina egin baitzen hainbat sindikaturen babesarekin. Are gehiago, horietako baten batek bere hitzarmen plataforman aipatutako eskakizun-maila apaltzea ere jaso zuen.

Euskara planak enpresak euskalduntzeko egiten direla kontuan harturik, beharrezkoa da kontratazio berrietan euskara irizpide irmoak finkatzea, eta hau behin lortuta, atzera pausorik ez ematea. EuskoTren garraio enpresa publikoa den heinean, erreferente izan beharko litzateke arlo honetan beren erabiltzaile eta langileen euskara erabilera bermatuz. EuskoTreneko langileek eskubidea dute euskaraz bizi eta euskaraz lan egiteko, eta prozesu horretan atzerapausoak emateak eskubideen urraketa dakarrela gogoratzea beharrezkoa da.

LAB sindikatuak, onartutako oinarrietatik atzera pausorik ez egitea ezinbestekotzat jotzen du, eta zabalduko diren kanpo oposizioetarako lan postuetan jardun ahal izateko euskarazko gutxieneko gaitasuna B2 izaten jarraitzea eskatzen du, bai ahoz, eta baita, idatziz ere.

Enpresa publiko batek irizpide teknikorik gabe euskara planean adostutako hizkuntza eskakizunak gehiegizkotzat jotzen dituenean, Zilarrezko Bikain ziurtagiria eta Euskararen Txantxangorria itxurakeria hutsa direla frogatzen du, beste behin ere. Hizkuntza eskubideen kontrako beste eraso zuzen baten aurrean egon gaitezkeela uste dugu eta LAB ez dago hori onartzeko prest.