Aste honetarako deitutako lehen greba egunak jarraipen zabala izan du Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2019ko api. 1a, 13:34

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek patronalei eta Hezkuntza Sailari gatazkari irtenbidea emateko neurriak har ditzatela eskatzen die, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak eman eta akordioak erdiestea ahalbideratuz.

Azken bi ikasturtetan sektorean gauzatu den 22. greba eguna da gaurkoa eta aurreko greba egunekin gertatu den bezala, gaur ere, izan duen babesa oso zabala izan da, aurrekoen antzekoa. Gaurko Bilboko manifestazioan 4.000 langile inguru elkartu dira, greben helburu diren aldarrikapenekiko langileen atxekipenaren eta ikastetxeetan bizi duten egoera nahigabearen erakusgarri.

Izan ere, sektore honetako langileek 10 urte daramate lan hitzarmena berritu gabe, 10 urte soldata izoztuta, lan kargak gero eta handiagoak dira, eta jaiotze tasaren jaitsiera medio lanpostu galera garrantzitsu bat aurreikusten dute datozen urteetarako. Langile kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak), feminizatuenak direnak, lan baldintza erabat prekarioak dituzte, DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Gatazkari irtenbidea emateko ardura eta aukera duten hezkuntza sailak eta patronalek inolako fundamenturik gabe behin eta berriro diotenaren kontra, grebaren helburuak argiak eta aski ezagunak dira, sektore honetako langileen lan balditzen berreskurapena eta hotzekuntza alegia. Hobekuntza hauek ikastetxeetan eskeintzen den eta ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela konbentzituta daude.

Urtarrileko 8 greba egunen ostean eta martxoko greba egunen aurretik sindikatuek Kristau Eskola, sektoreko patronal nagusiarekin, izandako aldebiko bileretan, adostasunak erdiesteko aukera eman zezaketen zenbait planteamendu egiteko prest agertu zen patronala. Tamalez, eta zergatiak ezagutzen ez badituzte ere, patronalak atzera pauso nabariak eman ditu, eta azkeneko mahai negoziatzailera ekarritako eduki eta planteamenduek adostasunak erdiestea zailtzen dute.

Langileen eskaerei erantzunez gatazka bideratzeko ardura patronal eta hezkuntza sailak dute, eta horregatik, LAB, ELA, STEILAS,CCOO eta UGT sindikatuek bai patronalei eta bai Hezkuntza sailari eskatzen die bakoitzak dagokien ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioak erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.