Lan baldintza duinen alde, mobilizazioa egin dute BilbaoBizi bizikleta mailegu zerbitzuko langileek

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2019ko eka. 18a, 17:14

2018ko urrian hiriko mugikortasun planeko proiektu izarra, BilbaoBizi bizikleten mailegurako
zerbitzua, aurkeztu ziguten: bizikleta modernoagoak, azkarragoak, ugariagoak, mailegu puntu
gehiagorekin, 24 orduko zerbitzua, berehalako asistentzia, mugikorrerako aplikazioa... Baina zortzi hilabete eskasera, agerian geratu dira bere argilunak.

Zerbitzuaren hazkundea ez da Udalaren aurrekontu-partida handiago baten eskutik etorri: ahalik eta proiektu merkeena aukeratu, eta orain zerbitzuaren ezintasunen aurrean beste albo batera begiratzen du. Azkarregi matxuratzen diren bizikletak, hutsik dauden mailegu-puntuak...

Horiek dira zerbitzuaren hutsune ikusgarrienak. Denbora gutxian izugarri hazi da,  NEXTBIKE enpresaren aurreikuspenak erabat txiki utzita: egunean batez beste 4 erabilera izango zituzten bizikletak, 20 bidaiatik gora egiten ari dira. 

Hala ere, ezkutuan dauden hutsuneak dira larrienak, enpresako langileek pairatzen dituzten baldintza prekarioak:

  • Garatzen duten jarduera eta funtzioei erantzuten ez badie ere, bulego eta langeletako hitzarmen kolektiboa aplikatzen zaie, bizikleta-mailegurako egokiagoa den metal merkataritzako hitzarmena aplikatu beharrean. Besteak beste, horrek euren errealitateari erantzuten ez dieten kategoriak eta soldata baxuagoak dakartza.
  • Langile gehienak ez daude lanaldi osoan, baina aparteko ordu mordoa egiten dituzte.
  • Lan kargari aurre egiteko, zerbitzua funtzio batzuk betetzeko langileen azpikontratazioan eta aparteko orduetan sostengatzen da.
  • Etengabeko lankarga izugarriaren ondoriozko estresa, presak, heldu-ezina... Honen adibide lazgarriena hilabete honetan ABLE bidezko langile batek sufritutako lan-istripua da.

Bilbao Bizi zerbitzu publikoa da, eta ondorioz, duintasunez eskaini eta garatu behar da. Horregatik,  hurrengoak aldarrikatzen ditugu:

  • Bizkaiko metal-merkataritzako hitzarmen kolektiboa aplikatzea.
  • Kalitatezko enplegua eskaintzeko, lanaldi oso egonkorrak eta soldata duinak bermatzea.
  • Kontratazioa lanaldi osora zabalduta ere, langileak dagoen lan karga betetzeko nahikoa ez badira, kontratazioak handitzea.
  • Kontratazio horiek, edo funtzio zehatzak betetzeko egin daitezkeenak, Aldi Baterako Lan Enpresen bidez EZ egitea.
  • Guzti hau egingarri izan dadin, Bilboko Udalak azpikontratatutako enpresarekin duen akordioa jardueraren errealitatera egokitzea, langileen lan baldintzak eta segurtasuna akordio horri egokitubeharrean.

Lizitazio-proiektu merkeen atzean, langileok ordaintzen dugun faktura dago. Baldintza hauekiko, Bilboko Udala azpi-kontratatutako enpresa bezain erantzule da, beraz, egoera honekin berehala  bukatzeko neurriak har ditzan exijitzen diogu.