M8 Deustu

Erabiltzailearen aurpegia Laura Freijo 2019ko ots. 14a, 13:20

Martxoaren 8a geroz eta hurbilago dago eta emakumeen* antolakuntzarako nahia nabaria da Bilboko auzoetan. Deustun, otsailaren 7an egin zuten auzokideek lehen asanblada irekia, eta bertan grebara begirako ekintzak antolatzeari ekin zioten.

30 bat emakume* bildu ziren Bidarte Udaltegian Deustuko lehen asanblada irekian. Hasieran Bilboko martxoaren 8rako planteamenduaren azalpena jaso eta aurtengo egitarauaren berri izan zuten. Ostean, haien helburuak, beldurrak, nahiak eta kezkak identifikatu eta greba auzoan zelan indartuko zen pentsatzeari ekin zioten. Ondorioz, bi data zehaztu dituzte M8-aren aurretik: otsailaren 28an brazalete moreak fabrikatu eta salduko dituzte Done Petri Plazan, arratsaldeko 18.00etatik aurrera eta martxoaren 1ean kalejira zaratatsua burutuko dute, 19.00etan Done Petritik abiatuta, grebaren aldarria lau haizetara zabaltzeko. 

Martxoaren 8a, berriz, gosariaren hasiko dute deustuarrek, 10.00etan hitzordua jarriz. Bertan ere brazalete moreak eskuratzeko tartea egongo delarik. Ostean kalejira egingo dute berriro Deustuko kaleetan barrena eta 12.00etan Bilboko mobilizaziora abiatuko dira, Gran Vían 13.00etan dagoen hitzordura heltzeko. Azkenik, elkarrekin bazkaldu eta 19.00etako Bihotz Sakratuko manifestaziora hurbilduko dira. 

Egitarau ahalik eta zabalena prestatu dute eta Deustuko edota inguruetako emakume* guztiak bai ekintzetara bai grebara batzeko deia egin dute, zapaltzen gaituen heteropatriarkatu kapitalistari planto eginez. Gainera, aurreko urteko dinamikarekin jarraituz, kalera beltzez jantzita eta brazalete morearekin ateratzeko gonbidapena luzatu dute. 

 

EMAKUME* ZATOZ GUREKIN, GREBARA GOAZ!