Libre dinamika abiarazi dugu Santutxun

Aurretik ere auzoan pairatutako hainbat epaiketa politikoren kontrako eta eskubide zibil eta politikoen defentsarako sortutako Libre dinamika berpiztu dugu Santutxun.

Oraingoan 1/2012 delako sumarioan auzipetuak garen Xabat eta Ikoitz gazteon kontrako epaiketaren harira, gainontzeko 26 auziperatuen auzo eta herrietan bezala, gurean ere martxan jarri gara.

Asanblada informatibo irekia egin genuen Karmelo plazan atzo arratsaldean. Bertara, gonbidapena luzatu genien auzoko elkarte, alderdi zein norbanako mordoa gerturatu zen. 100 inguru izan ziren lehenengo asanblada honetan parte hartzaileak.

Gure asmoa, urriaren 22an atxilotu gintuzten goizalde hartatik gaur arteko prozesuaren azalpena ematea izan zen. Gainera, irailaren 22an Auzitegi Nazionalean (Madril) gure kontrako epaiketa hasiko denez, guzti horren gaineko informazioa partekatu genuen auzokideekin.

Harremanetarako, komunikaziorako, ekimen eta mobilizazioetarako zein alor ekonomikorako babes sareak sortzea adostu genuen.

Hurrengo zita uda honetan zehar izango dugu, #28akEreLibre traoladun kartel laranjekin egingo ditugun dozenaka eta dozenaka argazkiekin. Gainera, Santutxuko jaiak bertan ditugula baliatuz, ostegunean (hilak 17) argazki masiboa egiteko hitzordua jarri dugu, “play­back” lehiaketaren ostean izango da, 20:30ak inguru. Kamiseta laranjekin etortzeko deialdia egin dugu.

Beraz, konponbidearen aldeko elkartasun eta konpromiso uholdea Santutxutik eta Bilbo osotik hedatu dezagun, batu Libre dinamikara!

Edozein ekarpenerako emaila: santutxulibre@gmail.com
Twitter kontua: @28akLibre
Facebook orrialdea: 28ak LIBRE