Urriaren 30ean tortura salatzeko ekimenak antolatzeko deia egin dute 28 auzipetuek

Poliziekin batera izango duten azken saioa egingo da urriaren 30ean eta beraz, auzo eta herrietan "tortura salatzeko dinamikak edo ekimenak" antolatzea eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatu dute.

28 auziperatuek, haien artean Ikoitz Arrese eta Xabat Moranek, egindako adierazpenak:

"Auzipetuok salatu nahi dugu Auzitegi Nazionalak daukan jarrera kontraesankorra. Alde batetik, iaz beste 40 gazteen aurkako epaiketan onartu zieten salan ez egotea. Gure epaimahaiak ordea, erabaki du gu salan mantentzea, gure torturatzaileekin konfrontatzeko asmoz, horrek dakarrenarekin. Argi utzi du oraingoan gure testigantzei ez dietela baliorik eman.

Epaiketan egotera behartuak izan gara eta ikusi behar izan dugu zer nolako inpunitatea daukaten gu torturatu gintuztenak: haien gezurrak jasan behar izan ditugu eta guk ez ezagutzeko, oztopatu nahi izan dute mozorroen bitartez. Beste batzuen jarrera ere mingarria egin zaigu, haien harrotasuna erakutsi baitute.
Geroz eta argiago daukagu gure aurka dituzten froga bakarrak torturapean eskuratutako gure deklarazioak direla, eta deklarazio horiek nola eskuratu diren ere argi geratzen da. Gure kausan, Iparraldean atxilotutako 8ek ez dute deklarazio polizialik eta gainontzeko ia denek, espainiar estatuan atxilotutakoek, tortura salaketak jarri ditugu, gure buruaren kontrako deklarazioak egitera behartu gintuztelako, inkomunikazioan jasandako tratu txarren ondorio.

Frogatzat aurkeztu dituzte ere poliziek egindako jarraipenak, baina jarraipen hoiek erakusten duten bakarra geure bizitzetako egunerokotasuna da, akusazioarekin inolako harremanik ez dutenak.

Gainera, salatu nahi dugu kartzelan ditugun bost kideen egoera. Gure lagunek egun hauetan katxeo zorrotzak eta kondukzio luzeak jasan behar izan dituzte. Hasieran torturak salatzen zituzten kamisetak edo libre dinamikarenak kentzea izan dute helburu. Ondoren, kondukzioetan, ia bi ordutako bidaia jasan behar izan dute, oso postura txarrean esku burdinak bizkarrean lotuta.

Amaitzeko deialdi bat luzatu nahiko genioke Euskal Herriari. Datorren Urriaren 30ean, poliziekin dugun azkenengo saioa burutuko da. Egun honetan, auzo eta herrietan tortura salatzeko dinamikak edo ekimenak antolatzea eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu. Beraz, adi mobilizazioetara!"

STOP TORTURA!
 28AK ERE LIBRE!

Eman atxikimendua hemen