Bilbotik Gasteizera, elkartasunetik konpromisora!

2010eko urriaren 22an atxilotu zituzten Santutxuko Ikoitz Arrese eta Xabat Moran auzokideak. Ordundik joan-etorri asko izan ditu gazte hauen bizitzak. Beraien etxeetan atxilotu, mihaketak eta erregistroak, inkomunikazioa, tortura, 17 eta 16 hilabeteetako espetxealdia Madrilen...

2012ko otsailean (Xabat) eta martxoan (Ikoitz) geratu ziren aske baldintzapean. Ordutik astero sinatu behar izan dute. 2014ko irailean, baina, beste 26 gazterekin batera, epaiketa hasi zen Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Epaiketaren aurreko egunean, Loiolan, agerraldi masiboa egin zuten 28 gazteek eta euretariko bost han gelditu ziren, Madrilera joateari uko eginez.

Irailaren 22an hasi zen epaiketa, bost gazte gutxiagorekin, eta bertaratutako 23ek planto egin zioten epaitegiari “Epaiketa politikorik ez! Konponbidea bai!” jartzen zuten kartelak erakutsiz.

4 hilabetez luzatu zen epaiketa. Gazteek deklaratu zuten. Tortura salaketa ere egin zuten 19k, tartean Ikoitzek eta Xabatek eta bitartean, euren atxiloketan parte hartu zuten Polizia Nazionalak ikustera behartuak izan ziren.

Milaka euroko gastua eta milaka kilometrotako bidaiak. Abenduaren 16an 12ren kontrako akusazioa erretiratu zuen, hala ere, fiskaltzak. Ikoitz, beraz, libre gelditu zen; Xabat, ordea, sententziaren zain, beste 15 gazterekin batera.

Irangan asteazkenean, ordea, maiatzaren 5ean, Angela Murillo epaileak sententzia kaleratu zuen: tortura testigantzei eta Istambul Protokoloari muzin egin, burla egin, eta 9 gazte absolbitu eta beste 7 kondenatu ditu, tartean Xabat. Sententzia kaleratu baino lehen, PNVren aginduz, Ertzaintzak Xabat atxilotu zuten. Ondoren Ainhoa, Bergoi eta Marina ere atxilotuak izan zirela jakin genuen.

Orain Ibon, Aiala eta Igarkiren bila daude. Besteak espetxean dituzte, preso.

Atxiloketa hauek legez kanpokoak izan direla salatu dute abokatuek, epaitegietan. Berehalako erantzuna eskatu dute eta preso dituzten gazteak aske uztea.

Bien bitartean, deialdi berria dugu. Donostia, Ondarru, Navarreria eta Loiolako arimari jarraiki zita berria dugu Gasteizen. Beraz, inoizko indar handienarekin, babestu ditzagun gure gazteak eta eraiki dezagun Gasteizen konpromisoz beteriko harresia. Zita desobediente berria igande honetan dugu, 12:00ean Bilbo Plazatik.

Bilbotik Gasteizera, elkartasunetik konpromisora!