Arnasestuka ibiltzea, arnasgune

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Gago 2018ko urr. 31a, 09:26

Urtebete igaro da 2017ko urrian Deustuko Gazte Topaketak antolatu genituenetik, gazteriaren gabeziak identifikatu eta alternatiba praktikoak eraikitzea helburu zutenak. Orduan, berehala mahaigaineratu genuen gazteon aisialdi eredua, drogen eta teknologien menpekotasunetik haratago, aukerak egon behar zirelako gazteok elkarrekin denbora libreaz gozatzeko. Kirola egiteko lagun-taldea eta espazioa falta zirela antzeman genuen eta, gaur egun, Deustu Kirolak bihurtu dena finkatzen hasi ginen bertan. 

Euskal Herriak berezitasunik badu, zerotik hasi eta baliabide murritzekin proiektuak garatzeko gaitasuna da. Su txikian sukaldatu dugu ekimena. Gure helburua zerumugan izan dugu, begi-bistatik galdu gabe, eta orain, kurtso berria hasita, Deustu Kirolak martxan da. Bilboko Udalak gazteon aisialdi-eskaintzari aspaldi egin zion uko. Bilbao Kirolak delako horretan gazteontzako diru-kuota jasanezinak jarri ditu, 7,15€ kiroldegirako sarrera bazkide izan ezean; eta Deustuko kiroldegiaz zer esan, 32.000 biztanleentzako eraikin ñimiñoa da, zaharkituta eta aukera urriak dituena. Horren aurrean, Deustu Kirolak proiektua dugu, gazteok elkarrekin eta gure baliabideen bitartez, guztioi kirola egiteko aukera eskaintzen diguna. Oraingoz, bost lantalde sortu dira:

Korrika. Bilboko itsasadarraren bueltan korrika egitera irteteko deialdiak egingo ditu. Eguraldi txarra izatekotan, Bizinahiko gimnasioan fitness saioak antolatuko lituzke. Baliteke etorkizunean ere 'Deustuko kilometro bertikala' antolatzea, mendiko lantaldearekin batera.

Patxangak. Saskibaloi eta futbol partida informalak antolatzea du helburu, Erriberako zelaian, Ugaskokoan, Arangoitikoan zein Ibarrekolandakoan, azken hori euria egitekotan. Boleibolean jolasteko asmoa ere badu: Done Petri plazan sare bat jarriko lukete, bide batez, Deustun plaza bat behar dugula aldarrikatuz.

Mendia. Asteburuetan eguneko mendi- irteerak zein asteburu-pasak antolatuko ditu.

Frontoia. Abian da frontenis txapelketa mixtoa, frontoian ere, emakumezkoen parte hartzea bermatzeko helburuarekin. Aurrera begira frontoian aritzeko hitzordu egonkorrak aurreikusten dira.

Bizikleta. Mendi zein errepideko bizikletaz ibiltzeko hitzorduak antolatzea du helburu; baita txirrindularitzaren ertz guztiak ikastea ere: bizikletaren mantenu-tailerra,  ibiltzerakoan erabili daitezkeen aplikazioak ezagutzea, txirrindulari izandakoen esperientzia kontaketak... Kirolaren inguruko bestelako jarduerak antolatuko ditu, hala nola, Tropela eta etapak ikustera joateko irteerak.

Lantalde oro autonomoa da eta hilabeteko ekintzen kronograma osatzeko koordinatuko gara. Era berean, edozein lantalde sortzeko aukera zabalik egongo da beti, adibidez, eskalada lantaldea sortze-bidean dago, eta urteko garaiaren arabera berriren bat eratzea buruan daukagu, eskiatzera joateko, esate baterako.

Arnasestuka ibiltzea arnasgune bilakatu dugun proiektu honetan, zuk ere baduzu edozein ekintzara hurbiltzeko aukera, sortutako lantalderen batean indarra egiteko abagunea, edota lantalde berri bat sortzekoa. Hemendik aurrera, Deustu ingurutik barreka izerditan topatuko gaituzu!