Bakea ez da ezer zehatza

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Lizarralde 2015ko eka. 29a, 13:03

Ea, zuetako zenbati sortzen dio "bakea" hitzak nolabaiteko nahasmena, susmoa, mesfidantza? Esku bat baino gehiago imajina ditzaket altxatuta. Ez pentsa, niri ere, bakegintzan murgilduta nabilen honi, gertatzen zait tarteka. Indiferentziarekin, inposizio batekin, "beste matraila jartzearen" filosofiarekin, zuhaitz-besarkatzaile lore-jaleekin, edota bakean uzteko eskatzen digutenen gutxiespenarekin lotu dezakegu gurean azken hamarkadetan ia egunero agertzen zaigun ditxosozko hitz hori.

Ez naiz hasiko bake-ikasketen literaturak ematen dituen definizioak aztertzen eta balioesten, kontzeptuaren pertzepzioa iruditzen baitzait interesgarria. Izan ere, noski mesfidantzaz hartuko duela batek kontzeptua bere ongizatea mehatxatu/tzen duen pertsona edo talde horri arrazoi zantzu minimo bat aitortzea, norbere bizipen sustraituak auzitan jartzea, epaiak eta irainak jasateko arriskupean jartzea eskatzen diotela iruditzen zaionean. Noski "bakea" abizena duen eufemismoz betetako azaleko erritual antzeztuak ikusi ondoren abizen horrekin ezkontzeari muzin egitea zilegi dela. Noski talkarik gabeko plastikozko elkarbizitza prefabrikatutik ahalik eta urrutien egotea komeni dela.

Ados. Horregatik, bake hori ez, beste hura da nahi duguna. Beste hura... zein? Zera... beste hura, zerako zera zeratzeko bakea, alegia!

Iheskorra da gero kontzeptua... Izan ere, uso zuri gutxietsi gajoaren pare (Sarrionandiak aipatzen duen bezala hegazti oso agresiboa dela gogora ekartzeko modukoa izan arren), mugimenduan dago une oro, eta mugimendua eskatzen digu ondorioz. Konturatu orduko, han non abiatu den bestaldera. Eta geure egin nahi badugu, bestaldera mugitzea beste erremediorik ez dugu izango.  

Mugimendu hori da gakoa. Ez unean uneko deklarazioa, akordioa, edo deialdia. Txoriaren bila gabiltzala gertatzen den horixe da, eta gutxien esperotako tokietan aurkitu daiteke: mehatxatzen gaituztenen bizipenetan, epai eta irainetan, erritual antzeztuetan, elkarbizitza organiko ustelduan. Normalean begiratu ohi ez dugun tokietan, alegia.

Bakea ez da ezer zehatza. Testu hau bezain abstraktua eta metaforikoa da. Mugimendua ordea, giza duintasunaren errespetua jomuga duena, bada zehatza. Eta zehatz-mehatz ikus daiteke nor dagoen geldi, nor bide zaharregietan, nor ttirriki-ttarraka edo ziztu bizian bide ezezagunak igarotzen. Bakea ez, bakegintza da zehatza.