Beste mahai horiek

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Lizarralde 2015ko uzt. 13a, 08:09

Orain dela, demagun, 10 urte Espainiako gobernua-ETA eta alderdi politikoak ziren konponbiderako bi espazioak; bakoitzak zegokion gaien inguruko akordioa lortzea zen soluzio egokiena eta ia-ia bakarra geure gogoetan. Gauzak bestela gertatu dira azkenean: “aldebakartasuna” etorri zitzaigun ate joka, eta egun, zorionez, ETAren indarkeriarik gabe bai, baina inolako akordio ofizial zabalik gabe ere bagaude, eta (ustez) ondorioz, dantzan gelditu diren gai garrantzitsuak noraezean geratu zaizkigu: presoen auzia, ETAren desegitea, eskubide zibilen urraketak, iragana nola landu…

Esango nuke askoren buruetan hasieran aipatutako bi espazio horien eskemak oraindik eragina duela: nolabaiteko elkarrizketa arrastoren bat ezinbestekotzat jotzen dute askok ETA eta Gobernuaren artean, eta gutxienez EAJ eta ezker abertzalearen arteko akordio (oso) minimo bat (bederen, arren) lortu beharra dagoela zentzuzkoa dirudi baldin eta normalizazio politikoaren bidea ibili nahi badugu. Bi mahaien bertsio murriztu/deskafeinatu baten zain geundela emango luke.

Eta bi mahai horiei begira gaudela, zer eta Iparraldeko alderdi politiko guztiek akordioa lortu zuten, Parisen oihartzuna izateraino orain gutxi antolatutako konferentzian. Eta hara, Nafarroari darion aldaketa usainaren barruan Bizikidetza eta Bakea lantzeko akordio zabala azaldu zaigu. Lehendakaritzatik ere ari dira, tipi-tapa, bideak ibiltzen. Lurraldekotasunaren inguruan mediterraneo aldetik gaiari era anitz, baketsu, masibo, ofizial eta ez-ofizialean heltzeko bideak erakutsi dizkigute.  Eta itxoin: zer da Madril inguruetan sumatzen den aldaketa giro hori guztia? Hemendik urtebetera nortzuk izango dira aktoreak, zeintzuk espazioak?

Goazen kristalezko bola eta imajinazioa litroka hartzera: agian ETAk Nafarroako Gobernu berri batekin bere desarmatze eta desegitea kudeatzea onartuko du, egiaztatze batzorde baten eta EAEko instituzioen laguntzaz. Agian Espainiako gobernuak aldaketa nabarmenak izango ditu datozen hauteskundeetan, espetxe-politikaren aldaketa eta Pariseko Gobernuaren laguntza lortzeraino. Agian Kataluniatik etorriko da iraganaren birdefinizio kritiko baterako inspirazioa, “bide baketsuak posible izan dira beti” ildotik. Agian EAEko PP hasiko da aldaketa eske. Agian memoria eta bizikidetzaren lidergoa udalek hartuko dute, memoriaren institutua medio, Errenteriaz josiz gure paisaia, eta Eusko Legebiltzarrari horrek eskainiko dio akordioetarako oinarria. 

Zergatik ez?

Kontua da ez dakigula zeintzuk diren aktoreak eta espazioak, soilik beste batzuk direla. Eta kontua, azken azkenean, zera da: beste zerbaiten bila gabiltzala aurkikuntzarekin topo egitea. Hori da bakegintzan serendipia deritzona eta J.P. Lederach-ek hala azaltzen du:

Serendipiak karramarro baten antzeko ezaugarria du: aldeetara mugituz pilatzen du ulermena eta sortzen du aurrerapena, era lineal batean beharrean. Zer ikusi du kasualitateak politika errealarekin? galderari nik zera erantzuten diot: “Dena”. Mundu errealean, historikoki desagerpena ziurtatzen duen elementua norabide bakarra izatea da, prozesuaren eta helburuaren bilaketan erantzun bakarra izatea. Biziraupenak une oro aldatzen diren inguruneetara moldatzea eskatzen du, aldeetara mugitzeko moduak topatuz xedea argi mantentzen den bitartean. Giltza, Walpole-k iradoki bezala, ezustekotik abiatuz nola eraikitzen den da, istripua ernetasunarekin nola lotu.

(Lederach, J.P.: La imaginación moral, Bakeaz/Gernika Gogoratuz 2007)

 

Egon gaitezen lasai, beraz, batzuetan aurrera egiten ez dela dirudien arren. Jarrai dezagun "beste zerbait" horren bilaketarekin eta noizbehinka alboetara begiratu dezagun enegarrenez harritzeko gertaeren ezusteko bilakaerarekin.