Feminismoa eta bakegintza. Zertzelada batzuk

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Lizarralde 2015ko abu. 25a, 14:10

Gatazkak modu eraginkorrean eta etikoan eraldatzeko prozesua da bakegintza, labur-labur. Ez dago historian zehar feminismoen ekarpena bezalako eredurik bakegintza zer den azaltzeko: feminismoek gatazka zehatz bat (patriarkatua) identifikatu, azaleratu eta konponbideak mahai gainean jarri dituzte indarkeria-eza, desobedientzia, bide formalak, pertsonalak, komunitarioak etabar luze bat erabiliz. Bizitza eta giza duintasuna erdigunean jarririk, emakumeen zapalkuntza iraultzeko etengabeko negoziazioa abiarazi zuten lehengo feministek, eta bide luze hori egun ibiltzen jarraitzen dugu.

Ez feminismoek bakarrik: feminitatearen rol tradizionalak bakegintzarekin zerikusi handia du. Esentzialismoetan erori nahi gabe, emakumezkoei atxikitako papera zaintzarekin lotuta egotean, enpatia, elkarrizketa, elkar-ulertzea bezalako baloreak dakartza sarri genero honen baitan hezita egoteak. Txanpon beraren bestaldean genuke, hala ere, gizon-autoritateekiko obedientzia, ahultasun ikasia, biktimizazioa etab. eta horregatik feminitateen berrikuspena beharrezkoa izan da.

Noski, badaude bortizkeriak, berekoikeriak, botere-goseak gidatu dituzten emakumeak; adibideak dauzkagu deabru maltzurrenetik borrokalari erromantikoki eredugarrira, autodefentsaren kulturatik igaroz. Har dezagun hau generoaren izaera eraiki eta aldakorraren adibide bezala. Generoa fikzio artifizial bat da, eta beraz, ez da harritzekoa batzuek mozorro ezberdina janztea. Emakumeek rol tradizionalak apurtzea posible bada, zaintzaren kultura zakildun pertsonek bere egitea ere posible da. Umetokia izateak ez gaitu ipso facto zaintzaile baketsu bihurtzen, kulturak baizik, egitekotan.

Feminismoei esker baita ere identifikatu dugu maskulinitate hegemonikoa, patriarkatua deritzogun egiturak dominatzaile paperean jartzen duena. Maskulinitate patriarkalak jarrera potentzialki suntsitzaileak saritzen ditu: indar suntsitzailea (indar-keria), oldarkortasuna, konpetentzia, afektibitate gabezia, arrazoia, dominazioa, espazioaren konkista… (futbolak, besteak beste, sustatu eta zabaltzen dituena, bide batez). Zer ekarpen egiten dute jarrera horiek gizateriaren ongizatean? 

Izan ere, nabarmentzekoa da gizateriak jasaten duen indarkeria zuzenaren eragileen gehiengo nagusia gizonezkoak izatea: gerrak (erabakiak hartzen dituztenetik tiro egiten duen soldadura), mota guztietako hilketak, pedofilia, sexu abusuak, eraso homofoboak, talde armatuetako kideak, torturak… 2013an Espainian egindako delituen %90 gizonezkoek egin zituzten. Hilketen portzentajea ere horixe da. Indarkeria azaltzen duten arazo horiek guztiak “gizartearen” arazo bezala analizatu ohi dira, “indarkeriaren kultura” batean bizi garela esanez. Gizonei gertatzen zaiena orokortzeko joera patriarkalarekin apurtuz, proportzioa hain esajeratua izanda, ez al litzateke egokiago izango “gizonen” arazo bezala aztertuko bagenitu?

Gure gizartean gizonezkoen gutxiengo txiki bat iristen da mutur horietara; hau da, gizontasunean hezita egoteak ez dakar nahitaez indarkeria zuzena berekin. Zergatik lotu beraz gizontasuna indarkeriaren kulturarekin? Gizon izateko era asko daude, baina boterea erabiltzeko orduan gizontasun mota batek hartu ohi du protagonismoa: maskulinitate patriarkalak hain zuzen. Horren ezaugarri batzuk ikusita, indarkeria sinboliko eta estrukturalean hazi potentzialak ereiten dituela ondoriozta daiteke. Bakegintza eta gatazken eraldaketaren literaturan suntsitzailetzat jotzen diren jarrerak “benetako gizon” horren ezaugarriak dira.

Benetako gizona

Noski, indarkeriaren sistema horretan emakumeek ere badute bere papera, indarkeriaren erreprodukzioan gehienbat: torturatzaileari afaria prestatzen diote, matxistarekin larrua jotzen dute, soldaduari animoak ematen dizkiete aurrera jarraitzeko, lider politiko odoltsua babesten dute. Portzentaje anekdotikoan indarkeria horren protagonistak dira. Eta handitzen doan portzentajean, sarraskia salatzen dute. Ordea, mendekoari ardura berdina atxikitzea ez da egokia. Bakoitzak bere analisia behar du.

Honekin guztiarekin hiru proposamen edo ondorio azaltzen zaizkit:

  • Gizontasunaren birdefinizioa premiazkoa da gatazkak indarkeriarik gabe, elkarrizketa eta enpatiaz, modu eraginkorrean kudeatzeko. Gizontasuna bere egin duten emakumeak (transgenero, transexualak, queer…) edo gizontasuna auzitan jarri duten gizonak behatzeak pista dezente emango dizkigu bide horretan. Birdefinizio horretan gizonek pribilegioak galduko dituztela jakin behar dute.
  • Botere dinamiken perspektiba edozein gatazkaren analisian sartzea beharrezkoa da: generoaren araberako analisi ezberdindua, egoera zehatz batean dominazio-sumisio rolak zeintzuk diren identifikatzea botere oreka berdintzeko, isilduari ahotsa ematen arreta jarri… Gizon zuri heterosexualaren begiradatik atera eta boterearekiko bizipenen aniztasuna ikustea da kontua, konponbideak askoz ere justuagoak eta osoagoak izango baitira hala.
  • Tradizionalki femeninoak izan diren ezaugarriak sozializatu, hegemonikoak bihur daitezen: zaintza, enpatia, estimua, sostengu emozionala… Bizitza eta giza duintasuna erdigunean jartzen duten jarrera eta antolakuntza orok generoa gaindi dezala, denen aberastasun bihurtzeko. 

Emakumeok aspaldi hasi ginen geure papera auzitan jartzen, baina gizonezkoentzat eztabaida hasi besterik ez da egin. Ez da erraza izango, eta zuen alboan egongo gara.

 


 

Gehiago irakurtzeko:

http://haikita.blogspot.com.es/2015/08/la-masculinidad-patriarcal-y-la.html#.VdGYn6-SJN0.twitter

http://unaantropologaenlaluna.blogspot.com.es/2014/09/la-masculinidad-como-cebolla-los.html

http://unaantropologaenlaluna.blogspot.com.es/2015/05/la-masculinidad-la-inesperada-virtud-de.html

http://unaantropologaenlaluna.blogspot.com.es/2012/07/sin-genero-de-dudas-mitos-sobre-los.html