Silvia Perez Cruz abeslari katalanak (Palafrugell, 1983) txikitatik omen du bere kantuaren bidez pertsonei negarra eragiteko ahalmena. Hala entzun nion elkarrizketa batean: batez ere 50 urtetik gorakoek eskerrak ematen omen dizkiote, aspaldi negar egin ezinik egon ondoren malkoak askatzen laguntzeagatik.
Joan zen urteko Jazzaldian gozatu ahal izan genuen bere magiaz. Nire aldameneko andrea une batez babesera joan behar izan zen, negar batean hasi zelako. Fede ematen dut, beraz: bere ahotsak emozio erregistro zabala biziarazten dio entzuleari; barru-barruraino sartzen zaigu, hitzez zehazten zailak diren zerako zerak sentiaraziz, eta bukaeran irribarre asez utziz.
Bere lanen artean, ezinbestekoa da ‘Granada’ diskoa (2014). Fado kutsuko tonua darabil batzuetan, jazzaren samurtasunarekin limurtzen gaitu besteetan; flamenkoa, Llach edo Serrat, Schumann, Lorca, Nirvana birsortzen ditu, Gallo rojo-ren indar suminduarekin bukatzeko. Berezia, sakona, aparteko artista da Perez Cruz.
‘11 de novembre’ diskoarekin (2012) ezagutu nuen. Bertako azken abestia iltzatuta geratu zitzaidan, bere aita hil zen egunean sortua. Listua irensten, arnasa hartzen entzun dezakegu hasieran, gitarra eta ahotsari ekiten dio gero abesti soil, hauskor, eder honetan eta hasperen batekin bukatzen du bere omenaldia. Adi entzunez gero, galera bere gordintasunean senti daiteke.
Arriagan jotzekoa da hurrengo martxoaren 10ean. Pribilegio hutsa!