Gorririk ikus dezagun egia

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Lizarralde 2016ko aza. 16a, 09:02

Gizon zuri arrazista, matxista, LGTBfobo, kapitalista basatia aukeratu dute AEBetako presidente. Trumpek gorpuzten duen arketipoa definitzeko hitz bat topatu beharko banu, artaburua litzateke hori. Diruz eta boterez jantzita, baina goitik beherako artaburua. Shock-ean utzi gaitu giza duintasunaren eta logikaren kontzepzio minimo batzuk konpartitzen ditugunak.

 

Izan ere gu, berdintasunaren, elkarrekiko errespetuaren, giza eskubideen aldeko gizaki anitzak, eroso antzean bizi gara gure artean arrazoia emanez elkarri. Maila horretako artaburutasuna bitxikeria da gure inguruan, eta agertzen denean zailtasun handirik gabe neutralizatu eta gure Twitterreko denbora lerroko erosotasunera itzultzen gara arrazoia dugula berrestera.

Edozer aldatzeko abiapuntua ezer hori ikustea eta onartzea da. Alkoholikoek egin ohi duten bezala, “kaixo, fulanito naiz eta alkoholikoa naiz” esanez, gizateria bezala pauso hori ezin dugu saihestu: “Kaixo, humanitatea naiz eta nire burua suntsitzen dut”. Mendekotasuna bezalako zailtasunetatik ateratzen laguntzen digun barne-indar hori denok dugun bezala, humanitateak ere badu bere argia. Hori indartzean dago itxaropena.

Karikatura bat jarri dute leader of the free world paperean, eta hala ere kosta egiten zaigu errealitate hori badela onartzea. Bada ordua linterna hartu eta iluntasunean zer ezkutatzen den ikusteko: giza-talde batzuen existentzia ezeztatzen duen jendea, hain zuzen. Hala definituko nuke muturreko eskuinaren funtsa. Mundu honetan, edozein dela ere definitzen gaituen etiketa, duintasunez existitzeko eskubidean sinesten dugunok egongo ginateke bestalde(et)an.

Batzuetan, ordea, gu geu ere tranpa berean erortzen gara, esaterako Trumpen jarraitzaile ahobero, testosteroniko, xenofoboak ikusten ditugunean: halako jendea ezin dela existitu sentitzen dugu, azalean edo sakonean. Bada bai, existitu ahal dira eta badira. Ezin ditugu magiaz lurretik ezabatu. Ez da pedagogia, arrazoi-sorta edo are indarrez behartzeko bide hutsezinik asmatu oraindik. Onar dezagun humanitatearen parte direla eta izango direla, zu eta ni bezalako haragi-hezurrak.

Paraleloki, jar dezagun arreta duintasunez existitzean, hori lortzeko baldintzak eraikiz eta defenditzen dugun hori izanez. Artikulu honetako lerro hauek interesgarriak iruditu zaizkit zentzu horretan:

 

“Interesgarria izan da komunikabide estatubatuarren Donald Trump suntsitzeko (berau sortu ondoren) saiakerak ikustea, erasoek indartsuago egiten zutela egiaztatuz. Bere aurkako ahots eraginkor bakarra Michelle Obamarena izan da. Berak bakarrik ahuldu zezakeen Trump, eta hala egin du, Trumpen kanpainak M. Obama erasotzeari uztea erabakitzeraino. (…)

Bere hitzartzeak ikustean New Hampshire edo Phoenixen, arrazoia ikus daiteke: bere erantzunak ez datoz gorrototik eta beldurretik. Aldiz, enpatiaz, berariazko hausnarketaz, konpasioz hitz egin du. Ausardiaz azaldu ditu bere ahultasunak, gizaki soil bezala agertuz. Michelle Obamak, baita ere, ez du arreta nagusia bere aurkarian jarri, baizik eta bere eskarmentu propioan, bere irekitze prozesuan, eta azaleratu nahian dabilen etorkizun baikor horretan.(…)”

 

Trumpek irabazi ala ez irabazi, beste herrialdeetako gobernuak antzeko karikaturek edo ardiz mozorrotutako otsoek hartu ala ez, duintasuna arriskuan jartzen duen giza-jendea hor dago. Ez gaitezen xahutu ezdaposibleka, amorruari epe bat eman, indar bihurtu eta segi dezagun lanean, Laboak abestu bezala, “bihotza bezain bero zabalik / besoak eta eskuak / gorririk ikus dezagun egia / argiz beterik burua.”