Zu imajinatzen zaitut, ETAkide hori, ezkutuan, iheseko bakardadean, zure existentziari zentzu bat topatzeko galdera berriei erantzun zaharrak emanez. Klandestinitatea edo kartzela, nekea sortzen dizkizute biek, eta zorabio txiki bat sentitu duzu. Hutsunearen bertigoa da, zuk ez dakizun arren, aspaldi utzi baitzenion gauza horiei arreta jartzeari.
Telebistako programa bereziari adi begira zaude zu, herritar hori, lurperatu dituzun lagun eta kide guztiak gogoan, tristurak bukaeraren poz puntu hori desitxuratzen dizula sentituz. Noiz bukatuko dira agurrak? galdetu diozu zeure buruari. Paradoxikoa otu zaizu galdera bera, eta irribarrea atera zaizu.
Zu berriz, bakearen artisaua, basoan zaude, txaleko horia jantzita. Azken egunetako adrenalina une batez baretu zaizula sentitu duzu, txori-kantak, lur beltz usaina eta basoko bakea lagun, eta egoera zirraragarri bezain surrealista hori gogoan ondo gordetzeko intentzioa berretsi duzu. Mina eta beldurra eragiteko tramankulu horien zaindari nola egon zinen bilobei kontatzen hasi zara zeure baitan, etorkizuneko elkarrizketa imajinario horietako batean.
Txostena betetzen zaude zu, poliziako kidea, eta “120” zenbakia idaztean arnas luze bat hartu behar izan duzu. Ehun eta hogei pistola. Munduaren egoeran pentsatu duzu jarraian, eta ez zaizu hainbesterako iruditu 120 pistola gutxiago ibiltzea hortik zehar aske. Zure pistola sentitu duzu gerrikoan lotuta, gainontzeko datuak betetzen jarraitu aurretik.
Eta zu, azkenik, ez dakit nor zaren; ez dakizu desarmea gertatzen ari denik ere. Akaso ez dituzu berriak irakurtzen, edo are ez dakizu irakurtzen ere oraindik. Akaso ez zara oraindik jaio. Izaki txiki zehaztugabe hori: hau guztia zuretzat ere bada.
Orain imajinatu nazazue zuek ni. Ordenagailu aurrean nago, armagabetzearen berriak unez-une jarraitu ostean zerbait idazteko lanetan. Testua bukatzear nago, etenaldi bat egin dut lepoa luzatzeko eta bukaera idatzi dut:
Elkarbizitza bigarren pertsonan eraikitzen da.