Indarkeria erabiltzeko medio berak dituzten bi pertsona edo talderen artean, beharrezkoa da bestearen buruan sartu, ulertu eta bere ekintzak aurreikustea, eraso eraginkorra antolatzeko (estrategia militarra). Enpatia ariketa bat egiten da, alegia. Ordea, batak indarkeria bideak baditu eta besteak ez, bigarrenak ariketa hori egin behar du bere burua babesteko eta defendatzeko, baina lehenengoak ez du beharrik. Indarkeriaren “magia” hori bera da: ulertzen ez dituzun beste horien ekintzetan aurrez iragarri daitekeen eragina izan dezakezu. Ez du esfortzu intelektualik edo inteligentzia emozionalik eskatzen.
Enpatia-asimetria* hori gertatu ohi da dominazio egitura guztietan: patriarkatuan emakumeek gizona ulertzeko ariketa egiten dute, ez ordea alderantziz; arrazismoan, klasismoan… gauza bera gertatzen da. Zer esanik ez poliziarekin, oro har, indarkeria zuzena erabili behar dutenean. Behekoek, nolabait, esfortzu handia egin behar dute goikoen buruetan zer gertatzen den asmatzeko. Gizakiok enpatia ariketa egiten dugunean, bestearekin konektatzen dugu, bestearekiko ardura sortzen zaigu, estimu maila bat sortuz. Paradoxikoki, indarkeriaren emaitza zitalenetako bat da hori: dominatzailearekiko kezka eta lotura afektiboa, indarkeriarekin erantzutea ezinezko egiten duena hain zuzen ere.
Errealitate itogarri honen aurrean, zein izan daiteke indarkeriaren “magia” desaktibatzen duen antidotoa? Ergelen logika militarretan sartu gabe, nola erantzun iragarri ezin daitekeen moduan, enpatia behartzeko?
Galderari erantzun bitartean (erantzuna sormenetik etorriko da, hori ziur), komeni da fantasia hau geure imajinariotik kentzen hastea: menperatzaileak menpekoaren gizatasuna ikusiko duela bat-batean; bere ontasunak kutsatuta aldatu egingo dela, duintasuna eta tratu ona merezi duen izakia dela konturatuz. Nanai. Utz dezagun ipuin hori fikzioan.
Baina, batez ere, geratu galdera honekin: zure inguruko ze gizatalde ez duzu ulertzen, beharrik ere ez duzulako?
* Adibide pare bat:
Aberatsek ez dute ulertzen pobreen pentsaera (ingelesez)
David Graeber antropologoa indarkeriaz: “The gun has no trigger”
[Argazkian Bernadette Devlin politikari ipar-irlandarra. Iturria]